Floren Aoiz
@elomendia
JO PUNTUA

Turkia, espainiar Estatua, soberaniarik gabeko estatuak

Beste estatuen menpe dauden estatuek interes berezia izaten dute burujabetza beren mugen barnean aldarrikatzeko, dela kanpotik iristen diren pertsonen aurrean, dela estaturik gabeko herriekiko. Egia esan, interesa baino obsesioa bilakatzen da batzuetan. Esanguratsuki, muturrera eramaten dute joera hau inperioa izan eta gainbehera erortzen doazenek. Ederki dakigunez, halakoa da espainiar estatua, Turkiarekin hainbeste antzekotasun dituen lehen mailako estatu-ohia.

Nazioarteko esparruko subordinazioa areagotzen den heinean, barne etsaiak menperatzeko joera indartzen da. Kurduak, armeniarrak, alebiak, katalanak, euskal herritarrak, testuinguru eta garaien arabera alda daitezke obsesio hauen jomugak. Pertsekuzioa erlijio, hizkuntza edo bestelako parametroetan kokatzen ahal da, betiere klase faktoreei lotuta, eta, jakina, beti botere harreman zehatzak ezartzeko asmoz. Mitifikatutako globalizazioak hil omen zuen burujabetzaren hutsunea dena irensten duen zulo beltza delakoan-edo, izugarriak dira itxura gordetzeko ahaleginak. Goitik iristen den urraketa hain nabarmena izanik, FMI edo beste eragileen aitzin hain sumiso eta koldar diren estatuek aurpegirik gogor eta krudelena erakusten diete ahulei, zapuzketa beste batzuei helarazi nahian. Espainiar Estatua eta Turkia, beraz, soberaniarik gabe baina beren menpekoei soberania ukatu nahian. Eta une oro, jakina, «terrorismoaren kontrako gerla» zilegitasuna lortzeko bidea.

Desagerturik omen zeuden muga eta harresiak nonahi igo eta indartzen dira Europak berak suspertu dituen gerletatik ihes datozenei ateak ixteko. Sekurokrazia lehenesten da, pertsonen eskubideak bazterrean gelditzen direlarik. Eta gauzak horrela, anakronikotzat hartutako soberania aipatzen da errepresio formula zahar eta berriak justifikatzeko. Hori bai, beste batzuk gara nostalgikoak, gure herriendako burujabetza eskatzen dugulako!