Arantxa MANTEROLA
baiona

Lorentxa Guimon, erietxea utzita, berriro espetxean

Renneseko erietxean bi aste eskas egin ostean, euskal presoa espetxean da berriz. Gaixotasunagatik kaleratuko duten edo ez 25ean jakingo da. Hori exijitzeko larunbatean elkarretaratzea egingo dute Baionan.

Bagoaz kolektiboak atzo jakinarazi zuenez, Lorentxa Guimon preso angeluarra Renneseko espetxera eraman zuten berriz astelehenean. Urtarrilaren 25ean Bretainiako hiriko erietxean ingresatu zuten, bere osasun egoera nabarmen okertu ostean.

Abenduaz geroztik ospitalera eramaten duten hirugarren aldia izan da hori. Aurrekoan behar bezalako mediku zaintza jasotzen ez zuenez, espetxera itzul zezaten eskatu zuen.

Angeluko presoari baldintzapean aske geratzea onartu zioten, pairatzen duen gaixotasun larria eta espetxea bateragarriak ez direla-eta. Fiskalak, ordea, helegitea jarri zuen Zigorrak Betearazteko Auzitegiaren ebazpenaren kontra. Helegitearen emaitza hilaren 25ean ezagutuko da. Bitartean Guimonek preso segitu beharko du.

Mobilizazioak

Egoera hori salatzeko eta berehala aske utz dezatela exijitzeko mobilizazio ugari izan dira asteotan. Hurrengoa datorren larunbatean izango da Baionako suprefetura aitzinean, goizeko hamaiketan. Ordubete lehenago, Donibane Garazitik abiatuko den auto karabanak bat egingo du elkarretaratzearekin.

Datorren otsailaren 20an, berriz, martxa bat izango da Rennesera. Arratsaldeko 14.00etan manifestazioa egingo dute bertako hainbat eragileren sostengua jasota.

EH Baik ere bat egin du mobilizazioekin eta horietan parte hartzera dei egin die herritarrei.