Gotzon Elizburu
Kazetaria
JO PUNTUA

Tentsioak

Angela Davis Euskal Herrian izan dugu. Emozio eta ilusio handia piztu du gure inguruko mundu aktibistan. Borroken arteko harremana; zapalkuntzen eta beraz subjektuen identitate aniztasuna eta konplexutasuna azaldu dizkigu ekintzaile estatubatuarrak.

Alderdi utopikoa bizirik mantentzearen garrantziaz hitz egin zuen Davisek saioetako batean. Horrekin batera urgentzia eta pazientziaren arteko tentsioa ongi kudeatzen jakin beharra azpimarratu zuen.

Herritarrak independentziaren alde kokatuko dituen zentzu komun berria eraikitzeko asmoz, bogan dagoen eztabaida da hori subalternitatetik egin behar ote den edo balio unibertsalen inguruan egituratutako diskurtso berri baten bidez egin behar ote den.

Biak behar direlakoan nago ni. Ados baldin bagaude gure proiektu eraldatzailea dimentsio zabalagoetan garatzeko egiten dugun hautu estrategikoa independentzia dela, noski. Batetik, mugimendu herritar independentista zabala osatzeko diskurtsoa osatu beharko da unibertsalen inguruan: demokrazia gehiago, eskubideen berme gehiago, bizi baldintza material hobeak, justizia soziala eta abar.

Bestetik, subjektu subalternoak ere euren aldarrikapen eta eskubideak bermatzeko proiektua independentzia dela konbentzitu beharko dira, proiektu independentista zabal hori elikatuz eta perspektiba eraldatzailea txertatuz.

Beharrezkoa izango da bien arteko tentsioa. Izan ere, periferikoak diren posizioak eta praktikak besterik gabe erdigunean jartzeak, herritarren gehiengo zabalarekiko konexioa galtzea ekar lezake eta gogora dezagun aldaketarako baldintza dela gehiengoak batzea.

Aldiz, subalternitatea bazterrean uzteak ikuspegi eta behar eraldatzailea galtzea ekar lezake, dimentsio utopikoa galtzea.

Bi elementu horien arteko tentsioak kontraesanak eragin ditzake prozesu independentistan. Horiek kudeatzen jakin beharko da eta horretarako ez legoke txarto guztiok horretaz jabetzea.