Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Kanpaina

Marley Diasek izugarri maite du irakurtzea. Hamaika urte ditu eta beltza da. Azken horrek, beltz izatearena, ez luke garrantzirik izan behar. Eskolan halaxe irakatsi diete, koloreak ez duela inporta; edonor irits daiteke, gogor lan egin izanez gero, presidente izatera. Diasen herrialdean lidergoaren kontua oso barneraturik daukate. Ezeren lider bilakatu nahi izatea, presidentea liderretan gorena izanik, nortasun indartsu, baikor, eta oso herrialdekotzat jotzen dute.

Liderrak, baina, ez dira ezerezetik sortzen. Ereduak behar dituzte. Diasek ez du uste halakorik lor dezakeenik eskolan ematen dizkieten liburuen bitartez, bera bezalako umeak, ume beltzak alegia, ez direlako inoiz liburu horietan agertzen. «Liburuek baloreak transmititzen dituzte. Komunean dugun gizatasuna aztertzen dute. Zein da mezua ume batzuk ez direnean liburuotan errepresentaturik agertzen? Non jasoko dute ume beltzek nor diren eta zer izan daitezkeenaren zentzua?», galdetzen du Diasek.

Bera bezalako neska beltz batentzat eredugarriak izan daitezkeen mila liburu biltzeko asmoz, #1000blackgirlbooks kanpaina jarri du abian Diasek. Liburuok bere herrialdeko eta Jamaikako haur liburutegietara bidaltzeko asmoa dauka.

Diasekin gogoratu naiz Euskal Herritik Angela Davisen bisitaren berri jasotzean. Hemendik urte batzuetara haren lana irakurtzen imajinatu dut Dias, arrazismoaren hariari tiraka bestelako bidegabekeria sozial eta ekonomikoetan sakonduz, iragan asteburuko Beyonceren “Black-Panther-kitsch-dirua-da-boterea” bezalako leloetatik salbu.