GARA
TOLOSA

Tolosako osasun-etxera eramango dute Ibarrako errehabilitazio zerbitzua

Orain arte Ibarrako osasun zentroan zegoen Osakidetzako errehabilitazio zerbitzua Tolosako anbulatoriora eramango dute datorren astelehenetik aurrera.

Osakidetzak jakinarazi zuenez, Tolosaldeko Erakunde Sanitario Integratuko (ESI) zerbitzuak hobetuko dira aldaketarekin. Izan ere, biztanle gehien dituen gunean zentralizatuko dira zerbitzu guztiak eta eraikin berean espezialitateen kontsulta guztiak. Era berean, araudiari dagokionez ere hobekuntzak izango dira egokitutako aldagelak eta komunak eta konfidentzialtasun irizpideak betetzen dituzten guneak ahalbidetuko direlako.

Bestalde, Ibarrako osasun zentroaren erabiltzaileei osasun arreta hobea emateko gai izango dira bertako langileak, emaginaren kontsulta eta talde jardueren aretoa hobeto egokitutako gune batera eramango dituztelako eta, bestetik, zentroak hiru kontsulta gehiago izango dituelako osasungintzarako.

ESI eredugarri

Tolosaldeko ESI (erakunde sanitario integratua) martxan jarri zenetik eskualdeko herritarrei ematen zaien osasun laguntza publikoa etengabe hobetzen jardun dela adierazi zuen Osakidetzak. Lakuako gobernuko Osasun Sailak eta Osakidetzak 65.000 eurotik gora inbertitu dute zeregin horretan.

ESI arreta integraleko antolaketa eredu bat da eta abenduaz geroztik EAE osora hedatu da. Europako Osasun Sistema Nazionaletako (NHS, National Health Service) zuzendari Elisabetta Zanonek beste herrialdeetarako eredugarritzat jo zuen antolaketa mota hori.