Andoni ARABAOLAZA
LEHIA

Arrakastaren poderioz, Boulder Liga zintzourteko hitzorduarekin

Lehen proba otsailaren 6an jokatu zen Fundacion Estadion. Honakoak izan ziren indartsuenak: Nahia Garcia de Eulate, Oiher Poplawski, Iris Ruiz de Larramendi, Gorka Santisteban, Irene Alvarez eta Adrian Donnay.

Boulder Ligak 14 urte bete ditu dagoeneko, eta, beste urte batez, ohiko hitzorduak ez du hutsik egin. Arabako boulder aretoek eta Euskal Mendizale Federazioak antolatutako blokeko zirkuitu honek (lau proba ditu) pasa den 6an lehen urratsa egin zuen; hain zuzen ere, Gasteizko Fundacion Estadioko rokodromoan.

Antolatzaileek diotenez, zirkuitu horren helburua blokea bultzatzea eta atontzen diren lehietan giroa sortzea da. Jakina, Boulder Ligak izaera herrikoia du, eta eite horrek makina bat lehiakide erakartzen ditu.

Lehen proban, adibidez, 51 eskalatzailek hartu zuten parte, 23 neska eta 28 mutil. Hiru mailatan lehiatu ziren: 16 urtez azpikoa, herrikoiak eta elitea.

Oro har, lasai asko esan daiteke lehen proba arrakastatsua izan zela, lehiakide asko bertaratzeaz gain, giro bikaina egon zelako. Inauteriak izaki, hainbat eta hainbat lehiakide mozorrotuta azaldu ziren.

Antolatzaileek azpimarratu dute parte-hartzaileen artean hartu-eman estua izan zela: «Elkarri laguntzen zioten, bloke batean eta bestean zer egin behar zen azalduz».

Gogor estutzen

Nahiz eta Boulder Ligak izaera herrikoia duen, lehiakideak gogor borrokatu ziren Soledad Vazquezek eta Mikel Inorizak prestatutako blokeetan. 16 urtez azpikoetan, nesketan, Nahia Garcia de Eulatek korapilo guztiak lehen saioan egin zituen, eta beraz, berak lortu zuen garaipena. Bigarrena Ane Hidalgo izan zen, eta hirugarrena, June Pascual. Mutiletan, berriz, Oiher Poplawskik argi utzi zuen finaleko indartsuena zela eta lehen postua eskuratu zuen; haren atzetik Hegoi Gonzalez eta Gorka Asorena sailkatu ziren.

Herrikoietan, bestalde, Iris Ruiz de Larramendik irabazi zuen. Bigarren postua Miren de Pablorentzat izan zen, eta hirugarrena, Irati Musiturentzat. Mutiletan lehena Gorka Santisteban izan zen; bigarrena, Gorka Aginaga; eta hirugarrena, Mikel Riaño.

Azkenik, elite mailan neskek dena eman behar izan zuten ekipatzaileek sortutako korapiloak ondo askatzeko. Eta lan horretan onena Irene Alvarez izan zen; Olaritz Arakama bigarren sailkatua izan zen, eta Irantzu Porres, hirugarrena. Eta mutiletan, Donnay anaien artean lehia bizia izan zen. Finalean, Adrian Borjari gailendu zitzaion. Hirugarrena podiumean Ander Campos izan zen.