Colin Haley eta Alex Honnold Patagonia «lehertzen» ari dira
Sokada estatubatuarrak bi jarduera sinestezin egin ditu. Cerro Torreko mendilerroaren zeharkaldia egun bakarrean egiten lehenak izan dira: 20 ordu eta 40 minutu. Fitz Royko mendigunearen hiru erpin lotzeko, berriz, 17 ordu eta 7 minutu behar izan zituzten.
Aurreko asteotan Colin Haleyk Patagoniako erpinetan bakarka egin zuen jarduera ikaragarriaz aritu gara: Punta Herron eta Torre Eggerrekoa. Orain, berriz, soka Alex Honnolden gerrira lotu eta berriro ere eskalada sinestezinak egin ditu.
Sokada estatubatuar entzutetsu honek gustua hartu dio hainbat erpin lotzeari. Eta azken asteotan egindako pare bat azpimarratu behar ditugu. Lehena, Cerro Torreko mendilerroan egin zuten: Standhardt Orratza, Punta Herron, Torre Egger eta Cerro Torre lotzeko 20 ordu eta 40 minutu behar izan zituzten. Zeharkaldi hori egunean egiten lehenak izan dira.
Fitz Roykoan, berriz, Desmochada Orratza, Silla Orratza eta Fitz Roy 17 ordu eta 7 minutuan eskalatu zituzten. Jarduera hau ere egun bakarrean egiten lehen eskalatzaileak izan dira. Azkartasun hori gutxi izango balitz, aipatu behar dugu biek ala biek luze guztiak era askean igo zituztela.
Horiexek dira Haley eta Honnoldek lortu berri dituzten emaitza ikaragarrien lerroburuak. Berriro ere, bi eskalatzaile hauek den-denak ahoa bete hortz utzi dituzte; izan ere, bi zeharkaldi horiek egunean egitea etorkizuneko kontua zela zirudien. Baina, ez, 2016. urtean egin dira, eta, bederen, estatubatuarrek langa oso altu utzi dute. Altuegi, agian.
Lehen jarduerari dagokionez, esan behar dugu Cerro Torreko zeharkaldia 2008. urtean egin zela, eta Haley bera protagonista izan zela. Rolando Garibotti argentinarrarekin batera Standhardt Orratza (“Exocet” bidea), Punta Herron (“Spigolo dei Bimbi” bidea), Torre Egger (“Huber-Schnaf” bidea) eta Cerro Torre (El arca de los vientos” bidea) lotu zituen. Eguraldia ez zuten lagun izan (kaskarra eta haizetsua), eta zeharkaldiak lau egun eskatu zizkien.
Beraz, Haley eta Honnoldek zeharkaldiaren iraupena lau egunetik egun bakarrera jaitsi dute. Gogoratu behar dugu bi protagonistok helburu horrekin arantza bat zutela. Bai, iaz egunean bertan egiten saiatu ziren, baina 22 ordu zeramatzatenean eta jarduera amaitzeko bi luze soilik falta zitzaizkienean, haizeteengatik eskalada bertan behera utzi zuten.
Nahiz eta sokada horrek mundu guztia aho bete hortz utzi duen, estatubatuarrek onartu dute eginiko kronoak ez dituela ezustean harrapatu: «Colinek eta biok jakin bagenekien zorte pixka batekin zeharkaldia egun batean egingo genuela. Iaz gertu ibili ginen, baina ekaitzak atzera egitera behartu gintuen. Eskalatzen oso erritmo ona eraman genuen, baina jaitsiera mantsoa eta arduratsua izan zen. Cerro Torreko ipar hormaren eskaladan ere ez ginen oso azkar joan, batez ere baldintzengatik eta paretak zuen zailtasunagatik. Horretaz guztiaz gain, Colinek Torreko erpinak ondo baino hobeto ezagutzen ditu, eta horrek asko lagundu du».
Bai, Haleyk erpin horietan duen eskarmentua handia da oso: «Cerro Torre 8 aldiz igo dut, Standhardt Orratza 5, Punta Herron 5 eta Torre Egger 6 aldiz. Denbora asko pasatu dut mendilerro horretan, eta uste dut mendi horiekin inor baino ohituago nagoela. Eskarmentu horrek berebiziko garrantzia izan du. Zeharkaldi honi esker, Alex lehen aldiz Cerro Torreko gailurrera igo da».
Eguraldia lagun
Zeharkaldia urtarrilaren azken egunean sinatu zuten. Goizeko 3:20an Standhardt lepotik irten ziren, gailurra egiteko lau ordu behar izan zituzten, beste hiru Punta Herronera igotzeko eta bi ordu Cerro Torreko tontorra zapaltzeko. 20 ordu pasatxo izan ziren, baina kontuan hartu behar da ere jarduerak aurretik izan zuen maratoia. Denda glaziarrean altxatu zuten, eta joan-etorri horrek 32 ordu eskatu zien. El Chaltenera iristeko, berriz, 44 ordu. Ia bi egun lorik egin gabe.
Bi alpinistok onartu dute hein handi batean eskalada ia gehiena “erraza” izan zela. Alabaina, Honnoldek adierazi du une zailak bizi izan zituztela: «Cerro Torreko ipar hormaren goialdean arduratzen hasi nintzen, besteak beste, paretatik erortzen zen uragatik erabat bustita nengoelako; balizko hipotermia baten beldur nintzen».
Haleyk, bestalde, azpimarratu nahi izan du eguraldiak asko lagundu ziela, eta azken urteotan Patagoniako klima aldatzen ari dela: «Zeharkaldia lehen aldiz duela zortzi urte egin nuen, eta uste dut klima aldatzen ari dela. Horrek ez du esan nahi eguraldi makurrik egiten ez duenik. Orain dela pare bat urte Patagonian denboraldi txarra izan zen. Nik urte mordoxka daramat Patagoniara etortzen, eta egoera guztietan eskarmentua hartu dut. Lasai asko esan dezaket mendi horietan erosoago eta ohituago nagoela. Gainera, egun eskiatzaile hobea naiz. Askok galdetu didate Alexekin egin berri dudan eskalada horrek ze garrantzia duen. Ez dakit ze eskaladarekin alderatu. Argi dudana da urtarrilean Torre Eggerreko nire bakarkako eskalada nik eginiko onenetakoa izan zela».
«Alexen meritua»
«Motibazioz gainezka nago, lokartzen nau, baina era horretan jarraitu nahi dut. Ez da nahikoa. Gehiago behar dut. Nik ez dut nahi, baina hau nahi dut. Sentitzeko, arnasa hartzeko eta bizirik nagoela jakiteko». Hitz horiek Haleyk esandakoak dira; hain zuzen ere, bere azken abentura bukatu bezain pronto esandakoak.
Eta bere azken ekarpena, Cerro Torrekoa egin eta astebetera, berriro ere Honnoldekin sinatu du. Sokada geldiezin honek Fitz Royko mendilerroaren hiru erpinak 17 ordu eta 7 minutuan egin ditu. “The wave effect” esaten zaion lotura hori (hots, Desmochada eta Silla Orratzak eta eta Fitz Royren zeharkaldia) lehen aldiz Whit Magro, Nate Opp eta Josh Wharton estatubatuarrek egin zuten 2011. urtean. Baina jarduera horretarako lau egun behar izan zituzten. Estilo alpinoan egin zuten, baina soilik sokaburuak era librean eskalatuz. Eta, gainera, Coley eta Honnoldek aukeratutako bide ezberdinetatik igo ziren.
Azken hauek, Desmochada Orratzean “Golden gate”, Silla Orratzean “El Bastardo” eta Fitz Royn “Kaliforniarrarena” igo zituzten. 17 orduko jarduera izan zela esan dugu, baina, ziur aski, azkartasun horrek baino garrantzia handiagoa du biek ala biek hiru bideak era askean eskalatu zituztela. Gainera, lehen aldia da “El Bastardo” marra estilo horretan igotzen dena.
Haleyk dioenez, Honnoldek eskalada gogor guztian lider izan zen: «Ikusi behar zenuten Alexek eginiko lana; motxila pisutsuarekin luze gogorrak eskalatzen. Inoiz ez dut ikusi hain ahalegin ikaragarririk. Nire kasuan, eskaladako une zailetan atzetik joan nintzen, eta uste dut era horretan mendietan inoiz egin dudan gogorrena izan dela. Torreko zeharkaldian ez bezala, Fitz Roykoan den-dena arrokan eskalatu genuen, eta Alexi esker gai izan gara jarduera hori burutzeko. Nik dena eman nuen bere erritmoa ez oztopatzeko».
Aipatu behar da ere Desmochadan hiru luze egin zituztela, Sillan bi eta Fitz Royn hiru. Gainerako eskalada ensamblen egin zuten.

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

Euskal Estatua helburu, egitekoa eta zuzendaritza eraberritu ditu Sortuk

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»
