GARA
BILBO

Jantoki zerbitzua ematen ari direnak iruzur egin dutenak direla salatu du Ehigek

Lehiaren Euskal Agintaritzak zortzi enpresari zigorra ezarri ostean, Ehige Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteak araudian aldaketa egitea aldarrikatzen du, «monopolio» egoera amaitzeko.

Hilaren 9an zabaldu zen Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) eskoletan jantoki zerbitzua ematen duten zortzi enpresari, prezioak adosteagatik, 18 milioi euroko isuna ezarri diela Lehiaren Euskal Agintaritzak. Gai hau hizpide hartuta, Lourdes Imaz Ehige Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteko bozeramaileak prentsaurrekoa egin zuen atzo, Bilbon, egoera aztertzeko.

Imazek ziurtatu zuenez, gaur egun eskola jantokiei zerbitzua ematen dieten enpresak lehengo berberak dira, horietako batzuk Lehiaren Euskal Agintaritzak zigortutakoak. Araudian aldaketak egitea aldarrikatu zuen, egungo «monopolio» egoera amaitzeko eta ikastetxeek jantokien kudeaketa zuzena egiteko aukera izan dezaten.

Ehigeko bozeramaileak azaldu zuenez, aurrez ezarritako loteen egungo sistemak lehia eragozten du. Gipuzkoako eskola publiko guztiek, esaterako, Auzolagun izan behar dute hornitzaile derrigorrez, aipatu zuen.

Gauzak horrela, zentro publikoetan zerbitzu hau eskaintzen duten enpresek «prezioak adosten dituzte eta Administrazioak ez ditu familien interesak eta guztion interesak babesten».

Eredu honek «zerbitzuaren kalitatea eta familien poltsikoak» kaltetu dituela salatu zuen Imazek, «iruzurra ahalbidetu duen segidako kontrol faltaren bidez», gaineratu zuen.

Horregatik, kontrol gehiago ezartzeko eskatu die Ehigek administrazioei, «isunak jantoki zerbitzuaren kalitatean eraginik izan ez dezan», eta isunaren zenbatekoa eskola jantokietan inbertitzeko eskatu du.

Isuna jaso duten enpresa horien aurkako salaketa jartzeko aukera aztertzeko ere eskatu zion Imazek Lakuako Gobernuari. Bien bitartean, Ehige zer neurri hartu aztertzen ari da, eta ikasturte honetarako esparru arauemaile berria landuko duen «jantoki batzordea» sortzea eskatu zuen Lourdes Imazek.

Lakuaren jarrera

Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteak Lakuako Gobernuaren erantzuna izan zuen atzo bertan, Josu Erkorekaren hitzetan. Bozeramaileak adierazi zuenez, Administrazioaren zerbitzu juridikoek Lehiaren Euskal Agintaritzaren ebazpenaren «baliotasuna eta legaltasuna» defendatuko dute. Hala ere, Erkorekak ez zuen argitu Hezkuntzak enpresa hauei kalte-galerengatik ordainak eskatuko dizkien edo ez, oposizioko alderdiek eta hezkuntza eragileek exijitzen dioten bezalaxe.