A.K.
donostia

Aluminio fabrika batean amaitutako bizitza baten oroitzapen bilduma

Aluminio fabrika batean gaueko zaintza egiten duen langile obsesibo eta bakartiari jarri dio arreta Julen Belamunok «Gaueko zaintzailea» lanean. Urtebetean argitaratu duen bigarren obra da.

Aluminio fabrika bat. 1989ko maiatza. Gaueko zaintza egiten duen langilea iluntzeko bederatziak aldera sartu da lanpostura eta bertan egongo da goizeko zazpiak arte. Hogeita zortzi urtean egin duen lan jardunaren azken eguna izango da, fabrikak aurretik erabakita baitauka segurtasun neurri berriak ezartzea. Berea, zaintzailearena, akitzear den lanpostua da eta duen adinarekin –60 urte betetzear dago– aurretiko erretiroa hartzea eskaini diote lantegia erosi berri duten enpresari gazteek.

Denbora tarte hori, fabrikan pasatzen duen azkenengo gau hori, baliatu du Julen Belamunok (Azpeitia, 1959) “Gaueko zaintzailea” (Elkar) lan berrian. Justu gaur urtebete betetzen da bere lehendabiziko liburua, “Ukabilak eta loreak” ipuin bilduma, argitaratu zuenetik eta, epe horretan, bigarren lan bat ere ondu du, atzo Donostian aurkeztutakoa.

2002an idatzi zituen “Gaueko zaintzailea”-ren lehenengo oharrak Belamunok, baina norabide zehatzik gabe. Pertsonaia nagusiak, ordea, aukera asko zabaldu zizkion kontakizunean hariak garatzeko. «Muturreko kasu bat da; isolamenduan bizi den pertsona bat da, bere baitan bilduta», esan zuen idazleak.

Hogeita zortzi urtean egin duen lanari lotutako oroitzapenak ekarriko ditu gogora protagonistak, bere bizitzan gertatutako pasarte nagusiak memorian berreskuratuz. Pertsona obsesiboa eta bakartia izango da, ordenaren oso zalea. Lantegiaren parean dagoen gasolindegi batek, ordea, garrantzi berezia izango du kontakizunean. Bertan ezagutu zuen neskato batek hain gustuko eta beharrezko duen ordena kolokan jarriko du, nahiz eta, Belamunok dioen bezala, bera ere ez izan oso kontziente emakume horretaz maiteminduta dagoela.