Andoni TOLOSA «MORAU»
Musikaria

Kantuak eta iraultza (III)

Bueno, zer behar duen euskal rockak? Gauza asko ziurrenik, baina ados Hedoi, katarsi bat ez litzaioke batere gaizki etorriko, zenbat eta erradikalago, zenbat eta iraultzaileago, orduan eta hobeto. Eta arrazoi duzu, ziurrenik,undergroundetik baino ezin du etorri katarsi horrek. Itxurakeriatik, ohituratik, erosotasunetik urrun, eta orain arteko hainbat topiko hautsiz. Bestela nola?

Baina ez dut uste talka askok estimatzen duten baina aspaldi zaporea galdutako produktuaren eta soilik gutxi batzuek estima dezaketen proposamen borobilaren artekoa denik. Abanguardia eta retaguardia, gidariak eta masa, art-rock eta zabor-rock, dakitenak eta ignoranteak. Ez dakit, baina, gauza dezentez konplexuagoa da, eta basamortuan bide berriak jorratuko dituzten aitzindarien premiarekin, haien lana esanguratsua bilakatuko duten entzuleak behar dira, eta entzuleak mugimendu bilakatuko dituzten baldintza sozio-ekonomiko-kultural batzuk, eta mugimenduak habiak behar ditu hazteko, eta ezinbestekoak izango dira baita ere guztiaren kontakizuna egingo dutenak.

Eta nago, ez dela bakarrik musikarien errua, jendarte gisara, hankamotz gabiltzala alor askotan, eta kosta egiten zaigula dinamika berriak sortzea, eta haietarako soinu-banda egokiak sortzea. Proiektu bikain batzuk kaleratzeko gaitasuna ere badugu, eta ez da gutxi, baina ez da nahiko, agi denez. Eta jakina, ez dut uste hizkuntza horretarako baldintza denik, zalantza baduzu, saiatu galdera hau erantzuten; zer gertatuko zen Laboak ingelesez kantatzea erabaki izan balu?