J.L.
errugbia

Puntuek dute garrantzirik handiena, jokoaren gainetik

Avironek gaur jokatuko du 20.45ean Bourgoinen, eta hemendik aurrerako partidak bezalaxe, garrantzi handia izango du norgehiagoka honek ere. Talderik gehienek zerbait izango dute jokoan: batzuek gora igotzeko helburua; beste batzuek, mailari eustekoa.

Gaur ere halaxe izango da; izan ere, Aviron igotzeko asmotan dabilen bitartean, Bourgoinek mailari eutsi nahi dio. Bientzat litzateke garrantzitsua gaurko garaipena, baina Avironek ezin du hutsik egin. Behean dabilen baten zelaian galtzen baldin badu, lehendik aurreneko postua ia ezinezkoa badauka, ezinezkoa geratuko baitzaio, baldin eta Lyonek garaipena lortuko balu.

Frantziarrek ere asko dute gaur jokoan. Gaur irabazita, sailkapeneko erdialdera gerturatuko lirateke, eta beheko postuak oso atzean uzteko parada izan lezakete. Galduta, ordea, eta behekoek ez badute hutsik egiten, mailari eusteko borrokan sartuko lirateke.

Unerik zailena

Avironentzat, berriz, hau izan daiteke denboraldiko zatirik zailena. Zuri-urdinak ez daude unerik onenean. Jokoan ez dute duela hilabete pare bat zuten freskotasuna, baina sasoi honetan garrantzitsuena puntuak batzea da, garaipenak pilatzea, eta Baionako taldea helburu hori ongi betetzen ari da.

Gaurko norgehiagoka ez da erraza izango. Etxekoak hasieratik aterako dira goian presioa egin eta zuloa zabaltzeko asmoarekin; beraz, lapurtarrek borroka egin beharko dute, eta lehen minutu horietako ahaleginei gogor eutsi. Hori lortzen badu, Avironek irabazteko asko izan dezake, eta une honetan irabazteak balio du.