Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Hautagaia

The Irish Times” egunkariari emandako elkarrizketan Declan Kiberd historialariak dio gaur egungo lider politikoek ez dutela garai batekoek beste irakurtzen, eta horregatik direla hain eskasak. 1916ko iraultzaren mendeurrenaren inguruan Irlanda osoan antolatu dituzten ekitaldien harira egin zituen adierazpenok. Hain zuzen, 1916ko giro politikoan idazleek eta artistek rol handia bete zuten eta oraindik ere, orduko gertaerak hizpide direnean, W.B. Yeatsen “Easter, 1916” poema aipatzen da ezinbestez.

AEBetan irakasten du Kiberdek eta susmoa dut elkarrizketa ematen ari zenean hango presidentziarako hauteskunde kanpainarako txartela irabazteko lehian dabiltzan alderdi demokrata eta errepublikanoko hautagaiak zituela buruan. Haietako bat gutxienez bai, eta ez da zaila imajinatzen zein izan zitekeen. Haren izena aipatzea ez du merezi; nahikoa publizitate ematen ari zaizkio komunikabideak dela bere adierazpen arduragabe dela bere orrazkera irrigarriagatik. Dei diezaiogun, beraz, X jauna.

Argi dago X jaunak ez duela askorik irakurtzen, baina kontua zera da, irakurtzeak pertsona hobea bihurtuko luke? Nire zalantzak ditut. Literaturak enpatia eragiteko gaitasuna gainbaloratuta dagoela iruditzen zait. Liburuek gai baten gaineko ezagutza sakontzen lagun dezakete, baina ezagutza hori nola erabiliko den… Hori beste kontu bat da. X jaunaren arazoa da ezagutza arloan bertan huts egiten duela, eta horregatik dira bere adierazpenak beldurgarriak. Pentsa zer gertatuko den AEBetako presidente bihurtzen bada.