Floren Aoiz
@elomendia
JO PUNTUA

Zapuzketak kudeatzeko eredu eraldatzailearen beharraz

Izenburu kaskarra atera zait. Baina hori da lehengoan hiru preso ohiren hitzaldiak aditzean gogoan gorde nuen oharra. Hiru horietarik bi irlandarrak ziren, Europar Parlamentuko kide den Martina Anderson eta Paul Kavanagh. Bertako Antton Ruizekin batera, zer pentsa eman ziguten han bildutakooi, mezu argiak helarazteaz gain, kontraesanak, ilusioak, zapuzketak, beldurrak, haserreak eta bizitzaren nahiz jarduera eraldatzailearen oinarri diren beste emozio aunitz aipatu baitzituzten.

Jarduera eraldatzaileak bizitzarekin duen lotura ahazten dugu batzuetan, bizitza hobetzea militantziaren funtsa dela baztertuta. Jarduera militantea, beraz, ez da lineala, bizitza lineala ez den heinean. Kontraesanez beteta dago, helburuetara iristeko, gustuko ez duzun zerbait egin behar izatea, onartu nahi ala ez, jarduera eraldatzailearen ezinbesteko baldintza dugulako. Bizi garen hedonismo kontsumistako aro honetan gaizki ikusita dago sakrifizioa. Erlijioarekin lotzen da, beste garai batzuetako kontua delakoan edo. Lotura likidoen logikak kontraesanak uxatzen ditu, joera binarioa nagusitzen delarik, hainbat sare sozialetako aukerak bezala: gustatzen zait-ez zait gustatzen, eta kito! Logika honek jarduera eraldatzailearen konplexutasuna errefusatzen du: jarduera zehatz hori ez bazait gustatzen, sorbalda ematen diot, ez jarduerari, eragileari baizik. Beste kontsumo aukera bat balitz bezala.

Aipatu hedonismoarekin lotuta dago purutasunaren defentsa, hau ere ihesbide eta jarduera eraldatzailearen oztopoa baita. Esentzialismoek aldaketaren aukera zailtzen dute, bizitza eta borrokaren errealitate kontraesankorra ukatzen dutelako, ezer aldatzen ez duen testimonialismoa aterpe bilakatzen dutelarik. Bustitzea ezinbestekoa da oraingoan ere: kontraesan eta zapuzketak kudeatu behar ditugu, eraldaketa horrela egiten baita, ez, batzuek hala uste badute ere, testu sakratuak errezitatzen.