GARA
IRUÑEA

2016ko mikrobus onenaren saria eman diote Nafarroako Integralia enpresari

Ezkirotzen kokatutako Integralia enpresak Estatu espainoleko 2016ko mikrobus onenaren saria jaso du berriki bere In-vip plus autobusagatik. Sektoreko enpresa garrantzitsuenetako 25 profesionalek osatutako epaimahaiak hartu zuen erabaki hori eta, horrek ebatzitakoaren arabera, Integralia In-vip plus autobusak bere gamakoek baina maila hobea du, kalitate estandarrei dagokienez.

Mercedes-Benz Sprinter modeloaren gainean dago eraikia In-vip plus mikrobusa eta hamar bidaiarirentzako tokia dauka. Ekoizleek adierazitakoaren arabera, barnean sumatzen den zabaltasuna eta erosotasuna dira ibilgailuaren ezaugarri nabarmenenak. Bere aurreko bertsioak ere, In-vip izenekoak, 2014ko mikrobus onenaren saria jaso zuen.

Fakturazioa handitu

2015. urtea fakturazioa handituta itxi zuen Integralia enpresak. Zehazki, %25eko hazkundea izan zen Estatu espainolean. Estatu frantsesean In-urban, In-vip eta In-tourism modeloak aurkeztu zituen «oso harrera onarekin».