Gotzon ARANBURU

ELKARTASUNA KARTZELAKO SARRERARAINO IRITSI DA

EHUNKA LAGUN IGO ZIREN ATZO AUTOBUSETARA. BIDAIARI HORIETAKO BATZUEK HERRERAKO MARTXA MITIKO HAIEK EZAGUTU ZITUZTEN; BESTE BATZUEK, GAZTEENEK, AURRENEKO ALDIA ZUTEN. BAINA DENENTZAKO IZAN ZEN ZIRRARAGARRI KARTZELETARA IRISTEA ETA BARRUAN DAUDENEI ELKARTASUNA ADIERAZTEA. BIDAI HORIETAKO BATEAN JOAN ZEN GARA-NAIZ, ETA HAU DA LEKUKOTASUNA.

6:30

Autobusean ikurrinak, banderolak eta bazkaria sartu eta abiatu gara Beasaindik. Goierriko lau autobus goaz Zaragozako Zuera eta Daroca kartzeletara. Sakana ilunpean pasatu dugu, aldameneko soro eta zelaiak izoztuta, jende gehiena lo autobusean. Zuastiko ordainlekuan azaldu zaigu eguzkia, hemendik aurrera egun osoan lagun izango duguna. Iruñea zeharkatu eta gure autobusak geldialdi txiki bat egin du Peraltako ordainlekuan, laukoteko bat atzean gelditu baita, eta berriro ere laurak bat eginda jarraitu dugu.

8:45

Valtierran hamar minutuko geldialdia, zigarro bat erre eta txiza egiteko. Caceresera bart abiatutako autobusa iritsi dela esan du norbaitek. Parisera abiatutakoak oraindik ez. ‘Zer daukagu bazkaltzeko?’, galdetu du mutil batek. Mauriren erantzuna: patata tortilla, oilaskoa, haragia, ardoa eta sagardoa. Atzo aritu ziren sukalde-lanean Mauri eta Arantxa, Amalur elkartean.

11:15

Guardia Zibilaren hamar Patrol eta bestelako ibilgailu dauzkagu zain Darocako kartzelatik kilometro erdira. Autobus bakoitzera guardia zibil bat igo da eta arduraduna nor den galdetu du. Ekitaldia egiten utziko dutela baina ez zapaltzeko inguruko soroa, erein berria dagoela eta. Ados. Maleteroetako motxilak gainbegiratu dituzte, oso azaletik, zakur baten laguntzaz, eta petardo batzuk eraman dituzte. Ikurrinei eta presoen aldeko banderolei ez diete eragozpenik jarri. Argazkilariei esan diete egin dezaketela lana, baina irudietan guardiak edo kartzela atera gabe.

Ikurriñak eta banderolak hartuta, berrehun bat lagun jarri dira kartzelara begira, “Amnistia osoa!” eta “Euskal presoak Euskal Herrira!” oihukatuz. “Eusko gudariak” ere abestu dute. Kartzela barrutik erantzun egin dute, irrintzika. Hiru euskal preso daude Darocan orain: Kirmen, Aitor eta Oier. Pixka bat gorago igo pistan eta berriro, oihuak eta abestiak, banderak haizatuz eguzkipean. Guardia batek esan dio kazetariari egiteko lasai lan: «Yo hago mi trabajo, y usted el suyo». Ederki bada. «¿De Tolosa vienen?». «De cerca». «Pues ya sé yo que en Albistur se comen unas alubias extraordinarias. Estuve destinado en aquella zona, en los años duros».

Ordu laurden inguru iraun du Darocako ekitaldiak. Martxaren antolatzaileetako batek idatzia eman dio ateko funtzionario bati, zuzendariari helaraz diezaiola eskatuz. «Kartzelako ateraino ekarri gaituzten arrazoiak lau dira: sakabanaketaren bukaera eskatzea, presoak Euskal Herriratu ditzatela eskatzea, gaixorik dauden presoen askatasuna eskatzea eta euskal presoek legedi arrunta erabil ahal izan dezatela onura penitentziarioak lortzeko».

Presa daukagu Zuerara abiatzeko; ordu bietarako han egon beharra daukagu, baimena ordu horretan bukatzen baita. Bagoaz, etorritako bidean atzera eginez.

13:50

Zueran ere guardia zibilak ditugu zain. Eskua burura eramanda diosal militarra egin diote martxaren antolatzaileari. Baldintza berak hemen ere. Esandako orduak errespetatzeko eta haiei argazkirik ez ateratzeko. Altzo Txiki Jauregi eta Aratz Igarzabalek bertso bana bota dute, txalapartariek makilak astindu dituzte eta ondoren agiri bat irakurri da, presoek Abian prozesuan parte hartzeko duten eskubidea aldarrikatuz eta lehen aipatutako lau eskaerak berretsiz. Hemen ere funtzionario batek jaso du zuzendariari eman beharreko idatzia.

Di-da batean, eszenario txiki bat muntatu dute gazte batzuk. Anplifikadoreak, bateria, gitarrak… eta egurra! Ordu laurdeneko kontzertuaz gozatu dugu, eguzki gozopean. Gaur bisitan etorritako sendiak gerturatu dira ekitaldira, hemen dauzkaten bederatzi presoak «bisita ko lektibo» hau jasotzeko irrikan zeudela adieraziz. “Zain dago ama” kantarekin eta familia argazkiarekin bukatu da Zuerakoa.

16:00

Gallurreko atseden lekuan bazkalduko dugu. Jaki guztiak porlanezko mahai gainean jarri, haiek irentsi –gose gara dagoeneko– eta kafea hartzera kafetegira. Zerbitzariak harrituta daude, nondik atera ote diren kolpean 200 bezero hauek. Berehala ulertu dute, jendeak paparrean jarrita daramatzan pegatinei esker. Gaurko azkeneko «Presoak kalera!» eta autobusetara berriro, erdi pozik –presoei elkartasuna erakutsi zaielako– eta erdi triste –ez datozelako gurekin bueltan Goierrira–.