Eskultura, margolan eta argazkiekin, Erretan Ziudadelan
«Eskulturak. Gudariak. Pinturak» izenburua duen erakusketa osatu du Erretan (Floren Fernandez de Retana Lobo) artista nafarrak Iruñeko Ziudadelan. Orotara, 38 lan daude ikusgai martxoaren 13ra arte, denak sortzailearekin harreman zuzena dutenak.
Kasik berrogei dira Ziudadelan zabalik dagoen erakusketan ikusgai dauden lanak. Horietatik hamalau eskulturak dira, Erretan artista nafarrak azken hamarkadan egin dituenak. Burdinazko xaflak erabiliz ondu ditu. Intuizioak gidatutako lanak dira hamalau horiek eta izaera konstruktibista dutela jakinarazi du Iruñeko Udalak ohar batean, pieza bakoitzak artistarengan ibilbide oso pertsonala egiten baitu, bereziki gizakiaren eta honek espazioarekin duen harremanarekin zerikusia dutenek; hainbat ibilbide puntu berberera iristeraino.
Margolanak, bestalde, hamar dira orotara. Teknika mistoarekin eginak dira guztiak eta bi zatitan banatzen dira: izenbururik gabeak batzuk, eta gudariei erreferentzia egiten dietenak besteak.
Pigmentuak, zerrauts mineralak eta melazak erabiltzen ditu joko gisa. Autoreak bere ibilbidean egin izan dituen hainbat erakusketatan esan izan da badirudiela artistak eskulturak mihiseen kontra zanpatu nahi izan dituela espazioaren eta bere mugen inguruan egindako hausnarketa biribiltzeko.
Argazkiak, azkenik, hamalau dira guztira. Gehienak dibond euskarrian erakusten dira eta gudariaren gaiari heltzen diote. Erakusketako katalogoan agertzen denez, gudarien eragina Constantino Kavafis idazlearen poesietatik datorkio Erretani, baita Ulisesek Itakara egindako bidaietatik eta Minotauroaren abentura mitologikotik ere.
Erretanen anaia Juanek egin du erakusketako sarrera testua eta, horrela dio bertan: «Nire anaiaren obrarik berriena ikusten dudanean Kavafisengan pentsatzen dut. Agian bere gudariengatik, edo Minotauroa giltzapetzeko zizelkatutako labirintoengarik, gero zanpatuak direnak koadro bihurtzeko».
Florentino Fernandez de Retana Lobo, Erretan, (Lizarra, 1954), Florentino Retana margolariaren semea da eta, bitxikeriak bitxikeria, bere erakusketak aitari eskainitako antologia ordezkatzen du.
1978az geroztik Erretan l´Hospitalet de Llobregat herrian bizi da, Katalunian. Bertan, hain zuzen, egin zuen bere ekintzarik nagusienetako bat. 100 metro koadroko mural bat margotu zuen Gernika plazako etxebizitza bateko paretan 80ko hamarkadan. Bere lanen jabetza hainbat erakunderen esku dago, besteak beste, Iruñeko eta l´Hospitaleteko udalen, Vital Kutxaren eta Juan Cabre Museoaren esku.

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«Quiero que no siga explotando a la gente inmigrante»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas
