GARA
NEW DELHI

Bere pribilegioei uko egin nahi die Indiako jat kastak, lehorteagatik

Hemeretzi hildako eta ehunka zauritu eragin ditu jat kastakoen protestaldiak. Delhiko hamar milioi biztanle urik gabe utzi dituzte, Munak kanalari eragindako kalteen ondorioz. Beren kastari dagozkion pribilegioak utzi eta «azpigaratutako klase» izan nahi dute.

Nahiz eta ofizialki abolituta egon, kasten sistemak indarrean dirau Indiako nekazaritza-eskualde batzuetan. Jaiotzan bertan erabakitzen da kasta, eta kasta ezberdineko lagunen arteko ezkontzak bi ezkontideak kastarik gabeak edo paria bihurtzen ditu. Pariak edo «ukiezinak» mespretxatuenak dira guztien artean, ez baitute inolako eskubide sozialik eta besteek nahi ez dituzten lanak egin behar izaten baitituzte. Jat kastakoak ez daude «erregistratutako kasten» artean eta, ondorioz, beraiek Gobernuak abian jarritako diskriminazio positiborako neurrietatik kanpo geratzen dira: lanpostuak eta hezkuntza sisteman jarraitzeko erraztasunak.

80 milioi herritar inguru dira jat kastakoak, gehienak nekazariak, eta pribilegio nagusi bat dute, beheko kastetakoek ez dutena, nekazari izateko lurrak edukitzea; horrek, ordea, bere balio guztia galdu du Haryana estatuak azken urteotan jasan duen lehortea dela-eta. Horregatik, behekoek dituzten abantaila horiek nahi dituzte beraiek ere, eta Indiako Gobernuak orain bi urte onartu egin zuen beraien kategoria aldatu eta «azpigaratutako beste klase» izendatzea.

Baina Auzitegi Gorenak hankaz gora bota zuen erabakia, jat komunitatea beheko kasten artean ez dagoela esanez. Azken egunotako protesten eraginez, Haryana estatuko agintariek esan dute jat kastakoen eskariak betetzeko lege bat onartuko dutela. Indiako Gobernu federalak ere goi mailako batzorde bat eratuko du, eskariak aztertzeko.

Delhi metropoliak 14 milioi biztanle inguru ditu eta New Delhi hiriburua bere bederatzi barrutietako bat da (350.000 biztanle inguru).

Metropoliko hamar milioi lagun urik gabe daude, Munak kanaleko azpiegiturak izan dituen kalteen eraginez, Keshav Chandra Delhiko Ur Kontseiluko agintariak BBC telebista kateari esan dionez. Armadak atzo hartu zuen bere gain kanalaren kontrola, baina ez dakite zenbat denbora beharko duten ur hornidura bere onera itzul dadin.

Oraingoz eskolak itxita daude eta ura kamioietan eramaten da Delhira. Gainera, protesten eraginez makina bat errepide itxita daude.