Peio Larraldek irabaziz ekin dio Binakako Txapelketari
Gixandut lagun zuela, 40 eta 29 hartu zituen mendean Lanbert eta Ezkurra.

Larralde eta Gixandut eta Waltari eta Bilbao izan dira Berezkoen Binakako Txapelketako Lehen Mailako aurreneko jardunaldiko irabazleak. Partida gustagarriak izan dira, eta jendeak emandako erantzuna ere bikaina izan da, bi egunetan trinketak bete egin baitira.
Herenegun, Larraldek eta Gixandutek 40 eta 29 hartu zituzten mendean Lanbert eta Ezkurra, 70 minutuko pilota saioaren ostean. Pello Larraldek sasoiko jarraitzen du. Supreprestigioa eta Buruz Burukoa irabazita, orain Binakakoa nahi du, eta horretarako bere adineko Gixandutekin jarri dute. 22 urte dituzte biek, baina txapela irabazteko faboritoak dira.
Neurketa horrek aurreneko hamaika kintzeetan izan zuen emozioa. Hortik aurrera Larralde aurrean agintzen hasi zen, baina aurretik gauza bera egin zuen Gixandutek. Gibelean mendean hartu zuen Paxkal Ezkurra, eta pilota on ugari utzi zizkion Larralderi, eta honek ez du barkatzen, kintzea oso azkar finitzen baitu.
Saketik, 8 kintze lortu zituen Larraldek eta bat gutxiago, Lanbertek. Markagailuan hauek azaldu ziren: 1-1, 2-2, 3-3, 4-4, 9-9, 10-10, 11-11, 19-12, 20-13, 23-15, 26-18, 32-21, 38-26 eta 40-29.
Atzokoan, berriz, Bielle eta Ducassou ziren irabazteko faborito, baina Waltari eta Bilbao 40-23 gailendu zitzaizkien. Irabazleek, gainera, oso partida ona egin zuten. Aurrean lan bikaina egin zuen Waltarik. Ez da lehengoa, ez dauka lehengo joa, baina min egiten du oraindik. Atzean borroka polita zen, puri-purian dauden bi gazterekin, Bilbaorekin eta Ducassourekin, alegia, baina oraingoan Bilbao atera zen nagusi.
Lehen zatian emozio handia izan zen, baina 21nako berdinketaren ostean gauzak erabat apurtu ziren, kubatarra eta lapurtarra jaun eta jabe izan baitziren, eta garaipena lortzeaz gain, tanteoa ere oso ona lortu zuten. Norgehiagokak, 75 minutu izan zituen, eta saketik Waltarik 10 kintze egin zituen eta 3, Biellek. Jokoan irabazleek 19 kintze egin eta 13 galdu zituzten, eta galtzaileek, berriz, 12 egin, eta 11 galdu zituzten. Markagailuan honakoak agertu ziren: 3-0, 3-3, 4-4, 6-6, 7-7, 8-8, 10-10, 11-11, 13-13, 20-14, 20-20, 21-21, 30-22, 35-23 eta 40-28. Waltari izan zen norgehiagoka horretako pilotaririk onena.
Bigarren Maila
Bigarren Mailan ere bi partida jokatu dira, eta herenegun, Elgartek eta Benesek 40 eta 38 hartu zituzten mendean Intxauspe eta Amulet. Norgehiagoka polita izan zen emozio handikoa. Partidan zehar berdinketa ugari izan ziren, baina amaieran Elgart eta Benese hobekiago aritu ziren, eta faboritoak mendean hartu zituzten. Amulet izan zen partidako onena, baina Intxauspek ez zuen bere maila eman, eta garaipenak ihes egin zien.
Atzo, berriz, Etxegaraik eta Lazkanok 40 eta 23 menderatu zituzten Monze eta Bonebeltxe. Kontatzeko gutxi izan zuen norgehiagoka horrek. Hasierako kintzeetan oreka izan baldin bazen ere, gero garaipena lortu zuen bikoteak ihes egin zuen, eta amaieran garaipen oso erosoa lortu zuen. Tanteoa ere bikaina lortu zuten.

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

Euskal Estatua helburu, egitekoa eta zuzendaritza eraberritu ditu Sortuk

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»
