GARA
DONOSTIA

San Adriango tuneletik, Gipuzkoako historian barrena

Urteak daramatza Aranzadi zientzia elkarteak San Adriango tunelean indusketak egiten eta, datozen asteetan, bertan egindako aurkikuntzen berri izateko aukera izango da San Telmo museoan. Erakusketaz gainera, jardunaldiak eta liburu baten aurkezpena ere izango da.

Aranzadi zientzia elkarteak urtero antolatzen dituen Arkeologia Jardunaldiek erakusketa bat eta liburu baten argitalpena izango dituzte aurten lagun eta guztiek gai bateratua izango dute: San Adriango igarobidea. Lizarrateko igarobidea eta zehazki San Adrian deritzon zuloa historian zehar giza-talde ezberdinek erabili izan dute eta Aranzadik azken urteetan egin dituen ikerketen bidez Gipuzkoako historiako hainbat pasartetako datu gehiago ezagutzeko aukera ematen du erakusketak.

Gaur hasi eta apirilaren 3ra bitartean, doan ikusi ahalko da “San Adrian, denboraren igarobidea” erakusketa Donostiako San Telmo museoko Laborategia espazioan eta, hainbat ataletan sailkatuta, aro ezberdinetan gunean bizi izandakoa ezagutu ahalko da. Hala, Würm edo azken glazioaziotik hasi eta 1915ean mikeleteen destakamentu izateari utzi zionera arteko errepasoa egiten du. Tartean, gizakiak San Adrianera orain 13.000 urte sartu zirela ezagutu eta nolako bizimodua zeramaten ere jakin ahalko du bisitariak; baita, Brontze Aroan, naturak eskaintzen zienaz gain nekazaritza eta abeltzaintza erabilita euren jakiak ekoizten hasi zirela ere. Erdi Aroarekin San Adrian interes ekonomiko handiko igarobide estrategiko bilakatu zen Iruñeko eta Gaztelako erresumentzat eta, XVIII. mendeaz geroztik, gizakia pasabide honekiko interesa galtzen joan zen, Arlabango errege-bidearen irekierarekin batera. 1855ean mikeleteak, bertan destakamentua finkatu, eta kontrabandoa kontrolatzeaz arduratzen ziren, eta 1915ean, kuartela eta benta kiskali zirenean amaitu zen gizakiak, 13.000 urtez ia etenik gabe, San Adriango tunelean izandako presentzia.

Erakusketarekin lotuta, San Adriango pasabideak barneratzen dituen elementuak gertuagotik ezagutzeko tailerrak ere antolatu dituzte. Larunbat honetan buztingintza landuko dute, martxoaren 5ean maskor apaingarrien tailerra izango da, 12an sua egiten irakatsiko dute eta, 30 eta 31n, Erdi Aroko antzara jokoa ezagutzeko parada izango da. Tailer guztiak 17.00etan hasiko dira, 6 eta 12 urte bitarteko haurrak dituzten familientzat daude pentsatuta eta familiako 5 euro ordaindu beharko dira. Bestalde, publiko ororentzat bisitaldi gidatuak ere izango dira, martxoko astearteetan, 17.30etik aurrera eta doan.

Arkeologia Jardunaldiak

Azken urteetan bezala, Arkeologia Jardunaldiak ere museoan egingo dira. XIV. edizio honek gaur izango du hastapena, San Adrianen gaineko bi argitalpenen aurkezpenarekin, Alfredo Moraza eta Jexux Tapia Aranzadiko kideen eskutik. Bihar, Etor Telleria arkeologoak “Burdin Aroko herrixka batetik Gerra Zibileko lubakietara, Murugain (Arrasate-Aramaio)” hitzaldia eskainiko du; ostegunean, Burgosko Unibertsitateko Eneko Iriartek “Atapuerca y en ADN de la población vasca” hitzaldia emango du; eta ostiralean, haizeolak izango dituzte hizpide Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoko kideek.

Jardunaldiez gain, “Gipuzkoako historiaren igarobidea / La historia de Gipuzkoa a través del túnel de San Adrian” argitalpena aurkeztuko dute. Paco Etxeberria Aranzadiko lehendakariaren arabera, Euskal Herriko paisaia naturalak gizakiak hartu bazituen ere, San Adriango igarobidean giza aztarnen eta naturaren arteko oreka mantendu da. Istorio, usadio eta pertsonaia ugari bildu dituen espazioa da eta, liburuan, horien berri ematen da. Argitalpenak 137. orrialde ditu eta 10 euroren truke eskuratu ahalko da.