Aillet «infernuko sutan»

Zanpantzarri egiten zaion urteroko epaiketan, Marc Aillet Baionako apezpikua sutara bidali zuten larunbatean, «gurutze santurik gabe», Donibane Lohizuneko inauterietan. Urtarril hasieran argitaratutako txio batek ekarri du elizgizona sinbolikoki inauterietako garretan «garbitzea».

Txio hartan abortua eta Estatu Islamikoa nahasi zituen apezpikuak frantses Gobernuari zuzendutako kritika batean eta nola edo hala emakumeak eta islamistak parekatze horrek zalaparta galanta eragin zuen, Asanblea Nazionalean Osasun ministroak Ailleten esanak deitoratzerainokoa.

Oraingoan, ordea, erreketak kristau integrista batzuk asaldatu ditu, eta zeresana ematen ari da sare sozialetan eta komunikabideetan, baita Paris aldean ere. Polemika ez da horretan geratu, sare sozialetan Inauteri elkarteko arduradunen telefonoak eta datu pertsonalak zabaldu baitituzte, eta dei eta mezu iraingarriak jasotzen ari dira azken horiek. Bertan zen PSko Kontseilu Nazionaleko kide Mehdi Ouraoui ere irainak eta mehatxu lausoak jasotzen ari da Twitterren bidez herri-epaiketaren bideo bat zabaldu zuelako gertakariari aipu eginez.