Gerlariak
Antzerki burgesari egin ohi zaion kritiketako da gizatalde mugatu bati buruz besterik ez duela hitz egiten. Antzokietara doan publikoa pertsonaien bizipenekin identifikatzea bilatzen denez, teatroak jorratzen dituen istorioak Mendebaldeko erdi-mailako klasearen kezkak jarri ohi ditu mahai gainean. Zorionez, noizean behin autoreek munduan diren bestelako bizipenei so egiten diete. Hain zuzen ere, Ados Teatroaren azken obrak Mexikoko herri batera garamatza istorio gogor, gizatiar eta tragiko bat kontatzeko.
Antzezlana Jennifer Clement estatubatuarrak idatzitako eleberri baten egokitzapena da. Ladydi izeneko neska baten ahotsaz, Guerrero estatuan kokaturiko herrixka baten bizimodu latzaren berri ematen zaigu. Narkoen boterea bertan izugarria denez, herriko neskak ezkutatzen dituzte familiek, gauez trafikatzaileek bahitu ez ditzaten. Herrian emakumezkoak baino ez dira geratzen, gizon guztiak AEBetara emigratuta edo hilik baitaude.
Garbi Losadak eta Jose Antonio Vitoriak egindako egokitzapenak protagonista kartzelarazten duten unean kokatzen du istorioaren hasiera. Hortik aurrera, denboran atzera-aurrera eginez ezagutuko ditugu gertatutakoak. Eszenografia osatzen duten hiru panel handi mugitzen dira kartzelako gela desberdinak aurkezteko, eta bereziki ederrak suertatzen dira Ladydiren herrixka irudikatzen duten proiekzio xumeak, hala nola bukaerako animazioa. Gertakari latzen berri ematen badu ere, samurtasunez eta umorez beteta dago obra. Izan ere, egoera jasangaitzen aurrean etsitzen ez duten emakumeak erakusten zaizkigu, okerbidean elkarri elkartasuna eskaintzen dioten emakume heroi anonimoak.

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

«Energetikoki, Euskal Herrian Trumpen bandoan gaude»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
