IRUÑEA

Iruñeko haurrak euskaraz etxetik gertu eskolatzeko aukera txalotu dute

Aurrerantzean Iruñean haur eskola aukeratzeko garaian gurasoek ez dutela euskara edo gertutasuna, bietako bat, hautatu beharko nabarmendu du Euskalgintzak, Udalak harturiko erabakia txalotuz.

Aspaldiko partez, Iruñeko haur eskoletan izena emateko garaian gurasoek ez dute euskarazko zerbitzuaren eta gertutasunaren artean aukeratu behar izango, Txantrean, Arrotxapean, Donibanen eta Arrosadian euskarazko zentro bana izango baita. Hala, Iruñeko Udalak euskarazko bi haur eskolatik laura pasatzea erabaki izana txalotu zuen Iruñeko Euskalgintzak. Bide batez, oroitarazi zuen Nafarroako Gobernuaren bost haur eskolatik batek berak ere ez duela euskarazko zerbitzurik.

«Ezin ahantz dezakegu euskaraz hezteko aukera ukatzearekin milaka familiari eragin zaion galera eta egoera deserosoa, 30 urtez gurasoei hautarazi egin baitzaie: edo euskaraz hezi haurra edo etxetik gertu hezi. Hautu gaiztoa egitera behartuak izan dira, 30 urtez Txantreako auzoan soilik eskaini baita euskaraz hezteko aukera», gogoratu zuen IKAko Sagrario Alemanek.

Hautaketa gaizto hori egin behar izan duten gurasoen testigantza izan zen atzo Euskalgintzaren agerraldian. Donibaneko Edurne Elsok azaldu zuenez, egun bost urte dituen seme handiena Txantreako euskarazkoan matrikulatu zuten, hiriaren beste aldean, baina baremotik kanpo gelditu zen. Euskarazko eskola pribatu batera eraman behar izan zuten. Hirugarren alabarekin, berriz, Donibanera eraman dute, baina gazteleraz, gertutasuna lehenetsiz. «Sei urtez eraman ditut nire umeak haur eskolara eta urte bakar batean ere ez dut aukera eroso eta justurik izan nire ume bakar bat euskaraz hezteko», nabarmendu zuen.

Egoera hori, hein handi batean, amaitu dela adierazi zuen AEKko Asier Biurrunek; «euskaraz eta hurbil posible da», azpimarratu zuen. Horrekin batera, lehen aldiz haurrak matrikulatzen dituzten gurasoek martxoaren 7tik 18ra Erraldoien Txokoan informazio gunea izango dutela azaldu zuen. Ostiral honetan Donibanen eta Arrosadian euskarazko bi haur eskola berri dituztela ospatzeko jaiak antolatu dituzte.

Bestalde, Sortzen taldea Nafarroa osoan D ereduan matrikulatzeko aukera dagoela gogorarazteko kanpaina burutzen ari da. «Ekaina bitartean, Nafarroako herri guztietan, ratioen gainetik, zonifikazioaren gainetik, euskaraz ikasteko dugun eskubidea aldarrikatzen eta lantzen jarraituko dugu. D ereduan matrikula egiteko aukera lehenengo aldiz izan duten guraso eta haur horiek babestu behar ditugu», nabarmendu zuen.