Balio bikoitza
Bi hilabete baino gehiagoko joan-etorrien ostean, hauteskundeak errepikatuko direla ematen du. Gorabeherak pixka bat jarraitu dituen herritarra nekatuta eta aspertuta dago honezkero, eta hauteskundeak errepikatzeak ez du pasio berezirik eragiten.
Egoera honetan, EH Bilduk posizio argia ezarri beharko du. Aurreko kanpainako hutsuneak aztertu eta ahal den neurrian zuzenduz. Determinazio osoz agertu beharko litzateke EH Bildu eta ideia bat azaldu behar genuke: boto independentistak balio bikoitza du. Zergatik?
Batetik, Podemosik onenak erabakitzeko eskubidearen aldeko jarrera azalduko du. Baina erabakitzeko eskubidearen onarpenean urratsak emateko bultzada bakarra Katalunian, Euskal Herrian eta Galizian independentismoa indartsu azaltzea da. Horrela soilik senti daitezke behartuta erabakitzeko eskubidean urratsak ematera.
Bestetik, independentismoaren aldeko botoa Espainian aldaketa politikoa gauzatzeko boto baliagarri gisa azaldu beharko litzateke. EH Bilduk inongo konplexurik gabe azaldu beharko luke aldaketaren balizko Gobernu baten alde bozkatuko duela Parlamentuan; konfiantza botoa emanez erabakitzeko eskubidearen alde, gatazkaren konponbidean urratsak emateko eta politika sozial eta ekonomiko atzerakoiekin amaitzeko. Finean, erregimena berpiztu dezakeen gobernua galarazteko.
Gazteon boto aktibazioa elementu garrantzitsua izango da berriz ere aldaketaren alde egiteko zein jendea independentziaren alde lerratzeko. Espainiak bizi duen krisia ikusita, etorkizuna markatuko duten erabakiak hartuko baitira hurrengo urteetan: eredu neoliberalean sakontzen den edo ez ikusiko da; mapa politikoaren auziari ere aurre egin beharko diote, eta ez dirudi erabakitzeko eskubidea errespetatuko dutenik.
Eraso horiek herritarrek independentziaren alde egiteko baliatzen jakin beharko dugu, independentzia aldaketa soziala gauzatzeko proiektu erreal gisa azalduz, eta horrela Euskal Herrian martxan jarri behar dugun prozesu independentista elikatuz. Horretarako behar dugu ordezkaritza independentista indartsua Madrilen.

«El imperio norteamericano quiere llevarse el petróleo sin pagar»

Una iniciativa europea contra el pacto UE-Israel busca un millón de firmas

Sabin Etxea fía ahora a un juez la resolución de su crisis en Getxo

«Que solo se permita comprar casas para vivir es legal, está sobre la mesa»
