Asun AGIRIANO
HAUR POESIA

Etxe bete hitz

Sormenerako esparru zoragarria da poesia; halere, irakurleen edo bitartekarien artean ohikoa da genero mota hau besterik barik baztertzea. Egia da adierazpide hau ulertzen zaila izan daitekeela. Batzuentzat etsigarria da zentzu guztiaz ez jabetzea; baina nago poema batean ez dagoela zertan testua zehatz-mehatz ulertu, are gehiago, poesia liburuek sarri galderak eragiteko dira. Erantzunak jaso baino galderak pausatzen dira Pello Añorgaren “Barruko leihoa” liburu berri honetan ere, gardenagoa agertzen zaigu bere aurreko “Bidean” (Edo, 2015) baino, gertuago sumatzen dugu, zailtasunik gabeko irudiak dira orain, etxekoagoak.

“Barruko leihoa” da liburuaren izenburua eta bizitzaren metaforatzat har daiteke. Idazleak barrura begiratzen du, kanpoan dauden bide ugarien aurrean, norberaren espaziora biltzen da hobeto disfrutatzeko bizitzak eskaintzen diona. Horrela dio lehenengo poemak:

Egunon

Gabon

Leihoa zabaldu

Eta barruan egon

Edo beste hau:

Barruan egon

Barruan egon

Barruan egonda

Kanpoan egon

Hitzak polisemikoak dira, esanahi bat baino gehiago izan dezakete eta, beraz, interpretaziora irekiak. Añorgaren poesian ezaugarri konstantea da hau, hitzek pisu handia dutela, indarra; ahogozoa uzten dute; hitzak mimatu egiten ditu Añorgak.

Barruko leihotik

Kanpora hitza

Barru-kanpoaren

arteko mintza

Lirismo handiko irudiak erabiltzen ditu, zazpi ataletan banatuta, naturak protagonismo handia hartzen duela: izarrak, zerua, olatuak, loreak, haziak, txoriak, zuhaitzak. Naturak beti izan du presentzia berezia Añorgaren poesiagintzan, hura baita poema guztiak batzen dituena. Animaliak ere agertzen dira, haur txikien lagun jostalariak: kilkerrak, tximeletak, erleak.

Erleak burrunban

burrunban, burrunban

Edalontzien barruan

mozkortuta

biziaren hondoan

kantuan

Jokin Mitxelenaren marrazkiak akuarelaz eginikoak dira, aspaldiko partez trazu finez eta kolore leunez azaldutakoak. Bere azken lan superilustratuekin alderatuta –“Munstroek ere pixa egiten dute ohean” albumarekin, esaterako–, hostoak, loreak, hodeiak… marraztu ditu oraingoan, modu intimoagoan. Giza itzal eta intsektu batzuei Miquel Barceloren irudien antza hartzen diet, forma fin eta eder; oso bestelako marrazkiak dira Jokinen hauek, arinak, lausoak. Guztiak, hitzak eta irudiak, atseginez gozatzeko eginak izan dira; samurtasuna eta poza berpizteko poemak dira. Mamu ilunak uxatzeko eta argiari ongietorria emateko.

Barruko leihotik

sartu da ekia

bihotza jaikita

zabal begia

Marrazkilariaren zein idazlearen senaz gozatu dezagun, irakurle arruntok nekez izango dugun begiradaz gozatu dezagun.