Maitane ALDANONDO
Portugalete

Zaletasunak eta hezkuntzak sustatutako negozio aukera

Interesetan sakondu eta lan aukera posible gisa sortu zuten UK-Natura Antxon Alkaldek eta Irune Uriartek. Sorrerako ideia aldatzen joan da urteekin eta jardunbide berriak agertu dira, betiere, ingurumenarekiko errespetua eta bioeraikuntza ardatz dutela.

UK-Natura Bioeraikuntza Ingurugiro Hezkuntza kooperatiba elkarte txikia Uribe Kostan bioeraikuntza erreferente izan eta ingurumenarekiko errespetua sustatzeko sortu zuten Antxon Alkaldek eta Irune Uriartek. Lehena arkitekto teknikoa da eta bigarrenak Biologia eta Ingurumen Heziketa ikasi zituen. Eraikuntza modu alternatiboak eta hezkuntzarekiko interesa batzen dituen proiektua osatu zuten, bioeraikuntzaren inguruan prestatzeko beti kanpora joan behar izaten zutelako. «Almeria, Algarve... Hemen badaude gauzak: bioeraikuntzaren adiskideen elkartea, topaketak, hitzaldiak... Ikastarorik ez badago, zergatik ez horrelako proiektu bat?», azaldu du Alkaldek. 2012an Getxoko Udalak gazteei bideratutako Wanted ideia lehiaketara aurkeztu zuten egitasmoa eta irabazleetako bat izan zen, 2.880 euroko diru saria eta aholkularitza jasoz. Bizkaiko Foru Aldundiak ekintzaileentzat bideratutako laguntza bat ere jaso zuten. Diru kopuru batekin batera, negozio plana egin eta enpresen funtzionamenduari buruzko zenbait kontu ere ikasteko aukera izan zuten. Laguntza batek zein besteak lanean hasteko bultzada eman zien.

Enpresa sortzea, ordea, ez zen aurretik zuten asmoa. «Inoiz ez genuen pentsatu enpresa bat egitea, elkarte moduan ikusten dugu. Behartuta egin dugun zerbait da». Bi gazteek aitortu dutenez, «probatzeko» ekin zioten proiektuari, nola zihoan ikusi eta etorkizunean gustuko bazuten jarraitzeko. Hala bada ere, gaur egun biek bestelako lan bat dute eta ezin dute denbora eta indar guztia kooperatiban jarri. Alkaldek azaldu duenez, «pixka bat altruista da. Gustatzen zaigulako gogotsu egiten dugu; baina ez dugu negozio bezala ikusten. Buruan dugu jendeari irekitzea. Agian norbait elkartzeko prest dago eta diru sarrera izan daiteke». Dena den, ez diote uko egiten urrats hori egiteari. Aparejadoreak aitortu duenez, «noizbait igual eman beharko dugu pauso hori. Nire lanetik apur bat kendu eta serioago hasi UK-Naturan, biak batu. Denborak esango du». Izan ere, bi gauzatan aritu beharra batzuetan gogorra da. Dena den, oso pozik daude orain arte egindakoarekin eta aurrera jarraitzeko kemena badute. Uriartek dioenez, «gogoko dugun eta gugandik atera den proiektu batean lan egitea motibazio handia da».

Egitasmoa informazio gune gisa sortu zuten, baina ikastaroak eta proiektuak egitera pasatu dira, «gauza batek beste batera eramanda». Saioak Portugaleteko bulegoan eta eurek ikasitakoa erabiliz eraiki duten lastozko etxetxo batean egiten dituzte. Besteak beste, xaboiak, kosmetika naturala, bioeraikuntza edo egur tratamenduak jorratzen dituzte. 80 euro inguruko kostua izaten dute eta adin zein ezagutza maila desberdinetako jendeak egin ditzake. Bioeraikuntza lantzen dute gehienbat eta partaideen profila anitza da. «Gazte asko etortzen da, helduak, lanean dabiltzan igeltseroak, arkitektoak… interes hori badutenak, beraien kabuz entzun edo irakurri dutenak, baina ezagutza gabeak», argitu dute. Nagusiki praktikoak dira eta oinarrizko mailakoekin batera, zehatzagoak ere egiten dituzte, irakasle adituak gonbidatuta. Gai hauen inguruan trebatzeaz gain, interesa dutenen topagunea ere izan nahi dute, sarea ehundu. Uriarteren ustez, «sarea oso garrantzitsua da, beti gauza berriak agertzen dira beste proiektuak ezagutuz eta elkarbanatuz».

Irakasteko ikasi

Norbanakoez gain, UK-Naturaren zerbitzuak familiei, taldeei, udalei edo erakundeei ere zabal daitezkeela diote gazteek. Esaterako, Sopelako Udalari ortu ekologikoak egiteko proiektu bat aurkeztu zioten eta Udako Euskal Unibertsitatean ikastaroa emango dute. Hasieran beraiek eskaini behar izaten zituzten ekimenak, baina orain proiektu proposamen ugari jasotzen dute. Besteak beste, Elorrion haurtzaindegi bat eraiki dute eta oraintsu baserri bat berriztatzen ari den bikote batek lantegi bat prestatzea proposatu die, denen artean lanak gauzatzeko. Hala ere, ez dute zain geratzeko asmorik. Alkaldek zehaztu duenez, «ez gara geldituko. Gaia mugitu nahi dugu, gauza berriak atera». Horretarako, beren buruak prestatzen jarraitzen dute, ekimen eskaintza zabaltzeko; eta ildo horretatik, energia berriztagarriak landu nahi dituzte etorkizunean.

Interesetik edo zaletasunetik harago, proposamen zehatzak aurrera eraman ahal izateko ere prestatzen dira. Elkarte batek eskatu zien domo edo kupula geodesiko bat egiteko eta Guadalajarara joan ziren nola eraiki ikastera. Bi aste geroago horri buruzko ikastaroa eman zuten. Hortik ekimen eta aukera ugari sortu dira: Durangoko Azokako Kabia gunea hauetako batean egin zuten, Getxoko artisten bilgunera eraman zuten, eta lantegian bertan egiteko Ekogunean (Hernani) ere jarriko dute. Interesa dutenek alokatu ahal izateko bi kupula geodesiko dituzte. Erabilerak askotarikoak izan daitezkeela diote. «Edonon jar daiteke. Jaialdi bateko azpiegitura izan daiteke, ikastaroak egiteko erabili. Etxebizitza bat egitea ere proposatu digute», zerrendatu du Uriartek. Lan ildo honi helduz, ikastolei eskaintzea pentsatzen ari dira. Hilabetez edo utzi eta beraiek edo beste edonork, ikastaroak bertan egiteko aukera izan dezatela.