GARA
DONOSTIA

«Olatuen bestaldeko» ikuspegia landu du Adriana Ibargoyenek

Lurretik itsasora enfokatu beharrean, horren gogoko duen piragua hartu eta itsasoaren barnealdetik ateratako irudietan oinarrituta egin ditu Adriana Ibargoyenek «Olatuen bestealdean» erakusketa osatzen duten lanak. Donostiako Aquariumean daude ikusgai.

Ikuspuntua aldatzearen aldeko hautua egin du Adriana Ibargoyenek “Olatuen bestealdean” erakusketan. Margolaria eta arte irakaslea da Ibargoyen, eta piraguan ibiltzea du zaletasun; piraguari esker lortu du olatuen beste alde horretatik begiratu eta ezagun ditugun paisaien bestelako ikuspuntuak ezagutzea. Artistak berak azaldu duenez, «itsasotik, ezagutzen duzun munduaren bestelako ikuspegia hautematen duzu. Interesgarria da niretzat begiratzen duzun lekuaren arabera lekuak oso ezberdinak izan daitezkeelako ideia, gauza bera gertatzen baita bizitzan ere».

Ikuspuntu aldaketa gustatu bai baina piraguan zegoela margotzea ezinezkoa zitzaionez, egiten zituen txangoetara argazki-kamera eraman eta paisaia ezberdinen irudiak hartzea erabaki zuen Ibargoyenek, gero horiek oinarri hartuta margolanak osatzeko. Hala, erakusketan Donostiaz gainera, Hendaia, Deba eta Zarautzeko paisaiak ere ikusi ahalko ditu bisitariak. Guztira, bi urte behar izan ditu prozesu osoa gauzatzeko.

Teknika mistoa

Erakusketa osatzeko, Ibargoyenek neurri ertain eta handiko hamalau olio-pintura eta, formatu txikiagoan, paperaren gainean egindako hogeita hiru marrazki hautatu ditu. Ikuspuntuaz gain, autoreak ikusten duena irudikatzeko erabili duen teknikak ere erakartzen du bisitariaren arreta; zirriborroaren eta pinturaren arteko uztarketa erabili du, zeinean olioaz eta errotuladoreez baliatuz autorea margolanei dinamismoa ematen ahalegindu den. Itsasotik hartutako irudietan oinarritu bada ere, itsasoa ez da obretako protagonista bakarra; irudi urbanoak eskaintzen ditu, eta margolanaren alderdi hiritar hori irudikatzeko errealismora jo duen bezala, itsasoa irudikatzeko orduan abstrakzioa erabili du.

Erakusketa Donostiako Aquariumeko Nautilus aretoan dago ikusgai, apirilaren 27ra arte.