GARA
BILBO

Blas de Otero, lehenengo aldiz euskarara ekarria

Martxoaren 15ean ehun urte beteko dira Blas de Otero (1916-1979) poeta Bilbon jaio zela. 1950eko hamarkadak izan zuen ahotsik nabarmenetakoa izan zen. Bilboko Udalak prosa poetikoan idatzitako «Istorioak, alegiazkoak, nahiz egiazkoak» euskaraz eman du.

Andres Urrutia euskaltzainburuak hartu du “Historias fingidas y verdaderas” euskarara ekartzeko ardura. Euskaraz itzuli den lehenengoa da.

Lana Madrilera itzuli aurretik idatzi zuen bilbotar idazleak, ordurako minbizia diagnostikatuta zuela. Gaixotasunaren ondorioz poetak gertuago ikusi zuen heriotza eta bere bizitzako azken urteetan nabarmen ugaritu egin zuen bere poesia lana.

“Istorioak, alegiazkoak nahiz egiazkoak” lanaren mila ale inprimatuko dira. Oterok Kuban eginiko egonaldian (1966-1968) idatzi zuen eta orain argitara eman den argitalpenean lanaren jatorrizko testua era jaso da.

Jose Maria Caballero Bonald idazlearen sarrerako testua ere badu edizio berezi honek. «Desagertu ezin eta eder» hitzekin deskribatzen du. Caballero Bonad Blas de Oterorekin egon zen Kuban. Sabina de la Cruz Blas de Oteroren alargunaren eta idazlearen izena daraman Fundazioaren lehendakariaren sarrera-testua ere irakur daiteke.

Datorren martxoaren 15erako, jaio zeneko egunerako, ekitaldi bereziak antolatu dira. Egaña kalean kokatuta dagoen oroigarrian poema irakurraldia egingo da. Arratsaldez, 19.30etik aurrera, Bernardo Atxagak, Joan Margaritek eta Andres Urrutiak Blas de Otero gogoan izango dute. Alor pertsonala zein literarioa jorratuko dute eta autorearen olerki batzuk ere irakurriko dira.

Bestalde, maiatzaren 30etik ekainaren 4ra Otero ardatz izango duten jardunaldiak egingo dira. Pere Gimferrer, Antonio Sarrion, Marcos Ana eta Paco Ibañez arituko dira. Mendeurreneko ekitaldien barruan izango da besterik. Esaterako, Ramon Bareak “Historia (casi) de mi vida” testutik abiatuta antzezlana prestatu du, martxoaren 21ean Alondegian estreinatuko dena.

Felipe Lozak, Jose Luis Estradak, Mikel Losadak eta Irene Bauk jarriko diote ahotsa poetari. Musika ere izango du ikuskizunak. Sarrerak dagoeneko salgai daude www.bilbaokultura.eus orrian.

Ospakizun ekitaldiak urte osoan egingo dira, Bilboko Udalaren eta Blas de Otero Fundazioarekin elkarlanari esker; hitzaldiak, literatur topaketak eta erakusketa bibliografikoa aipa daitezke. Bidebarrietako Liburutegia izango dute eszenatoki.