GARA
VIENA

«Drogen aurkako gerra» salatu du NBEren erakunde batek

Estupefazienteen Fiskalizaziorako Nazioarteko Batzordeak (INCB) adierazi du drogen inguruko nazioarteko itunek ez dutela derrigorrez «drogen aurkako gerra» ezartzen. Ezta «gizatasunik gabeko konponbide militarizatuak» ere. Hala ere, legalizazioaren aurka jarraitzen du.

Estupefazienteen Fiskalizaziorako Nazioarteko Batzordea NBEk sortu zuen 1968an, drogen inguruko nazioarteko itunak betearazteko. Urtero txosten bat egiten du gaia munduan nola dagoen esanez.

Gobernuz kanpoko erakundeek zein adituek INCBren jarrera salatu izan dute, oso kontserbadorea delako, baina azken urteotan bere mezuak aldatu egin ditu eta analistek diote gaur egungo posizioa errealistagoa dela, baina Latinoamerikako makina bat agintarik eta AEBetan gero eta sektore gehiagok defenditzen duten legalizaziora iritsi gabe.

«Munduak ez du aukeratu behar drogen inguruko legeen aplikazio militarizatuaren eta legalizazioaren artean», esan zuen atzo Vienan Werner Sipp INCBko presidenteak. Bere ustez, «politika orekatu» baten lehentasuna izan behar dira herritarren osasuna eta ongizatea.

Sipp alemanak zuzentzen duen erakundearen txostena Nazio Batuen Erakundeko Batzar Orokorrak apirilean egingo duen eztabaida baino aste batzuk lehenago iritsi da. Estatu batzuek dagoeneko aurreratu dute gaur egungo joera errepresiboa alde batera uzteko proposatuko dutela New Yorken.

Sippek uste du INCBren eta drogei buruzko itunen esanahia ez dela ondo ulertzen: «Jende askok ez ditu ezagutzen itunen edukiak, edo gaizki ulertu ditu. Esaten dute, adibidez, sistema ‘debekatzailea’ dela, edo ‘drogen aurkako gerrara’ eramaten gaituela, eta hori ez da horrela».

Txostenak eskatzen du herritarren osasuna bermatuko duten neurriak hartzeko, eta arauak era orekatuan eta bere neurrian ezartzeko, giza eskubideak errespetatuz eta lekuko baldintza sozialak, ekonomikoak eta kulturalak kontuan hartuta. Droga kontsumoaren prebentzioa, hezkuntza egokia, drogazaletasuna lehenbailehen atzemateko baliabideak, tratamendua eta drogazaleen birgizarteratzea ere aipatzen ditu. Sippek esandakoaren arabera, puntu horiek kontuan hartzen ez dituzten politikak ez datoz bat nazioarteko itunekin. Testu horiek 188 estatuk baieztatu dituztela gogorarazi zuen, baina egungo egoerara (joera errepresiboa da nagusi leku gehienetan eta giza eskubideak bortxatzea eguneroko ogia izaten da) zergatik iritsi garen esplikatu gabe.

Apirileko eztabaida

Nazio Batuen Batzar Orokorrak apirilean egingo duen eztabaidak drogen inguruko nazioarteko estrategia aztertuko du eta adituek diote 1998az geroztik egin den debaterik garrantzitsuena izango dela.

Werner Sippek adierazi du New Yorkeko hitzorduan estatu gehienek egungo egoerari eutsiko diotela, eta drogak legeztatzen dituzten herrialdeak nazioarteko itunetatik kanpo kokatu direla. Zergatik? Kaltegarritzat hartutako substantziak kontsumitzea ahalbidetzen dutelako.

«Badaude herrialde batzuk, Latinoamerikan batez ere, bestelako jarrera bat egokiagoa izango litzatekeela diotenak, baina horietan ere oso gutxi dira drogak legeztatzearen aldekoak», esan du Werner Sippek.