Jon LEUNDA
errugbia

Biarritzek ikaragarri du jokoan

Lapurtarrek gaur iluntzean, 19.00etan, Tarbes hartuko dute Agilera estadioan. Mailari eusteko borrokan, aurkari zuzena da.

Biarritzek garrantzi handia duen partida jokatuko du gaur Agileran, 19.00etan hasita. Tarbes izango da lapurtarren gaurko arerioa, eta mailari eusteko borroka horretan, gainera, aurkari zuzena da. Beraz, gaurkoan lau puntu batzea ezinbestekoa izango da zuri-gorrientzat.

Biarritzek lortu dituen azkeneko emaitzak onak dira, baina hala ere arriskuko postuetatik ihes egin ezinik dabil, atzekoek ere ez baitute hutsik egiten. Une honetan, lapurtarren egoera berezia da. Jaitsierako postuak bost puntura dituzte, baina sailkapeneko erdialdean jartzeko postuak bederatzira dituzte. Beraz, hor ikusten da aldeak ez direla handiak, eta une honetan egoera lasaian daudela diruditen taldeak ere, deskuiduren bat edo beste izaten badute, zuloan sar daitezke. Gaur irabazita, aurkari zuzen bati aldea handituko lioke, eta hori da egin behar duena. Une honetan bi taldeak daude jaitsierako postuetatik at, baina Tarbesen egoera askoz ere okerragoa da, izan ere, jaitsieran dagoen Akizerekin berdinduta dago. Frantziarrak garaipena lortzeko asmoarekin datoz Euskal Herrira, eta hasieratik aterako dira horretara. Galtzeko ez daukate ezer, eta arriskurik hartu gabe jai dute, hori baita Biarritzek nahi duena.

Lapurtarrek, berriz, badakite ezin dutela galdu, eta presio hori kalterako izan daiteke. Hala ere, azkeneko partidak oso onak egin dituzte, sailkapenaren goialdean dauden bi talde menperatuz, eta horrek konfiantza indartzeko balio beharko lieke. Partidak ere ikusmin handia piztu du, eta Agilerako harmailek berriro ere itxura paregabea izango dute. Zaleak indartsu daude, azkeneko emaitzak ere onak izan baitira, eta jakin badakite taldeak euren beharra izango duela, eta ez dute bakarrik utziko. Tarbetik ere jendea espero da Agilerako harmailetan.

Eguraldia ere kontuan hartu beharrekoa izango da. Euria iragarri dute, eta hori betetzen bada, baloia eskura jokatzea ez da erraza izango. Ondorioz, ostikoek garrantzi handia izango dute, eta Lucu, lapurtarren jaurtitzailea, oso une onean dago, eta hori ere baliatu nahi dute markagailuan zuloa egiteko, eta ahal bada hasieratik, gainera.