GARA
DONOSTIA

Fermin Vila senideekin egon zen asteazkenean

Asteazken arratsaldean Fermin Vila preso irundarra bere etxera eraman zuten bere familiarekin egon ahal izateko. Behar baino beranduago, tamalez. Izan ere, bere aita otsailaren 20an hil zen, eta 22an izan ziren hileta elizkizunak, eta Vilak aita hil aurretik ikusteko baimena izan arren iragan asteazkenera arte ez zuten bere herrira eraman, nahiz eta Zaballako espetxera ostiral arratsaldean iritsi.

Preso gipuzkoarra ordubetez egon ahal izan zen bere familiarekin, etxean, eta gero «ziztu bizian» eraman zuten berriro ere kartzelara, ahaideek salatu zutenez. Gaineratu zutenez, hainbat lagun bertan elkartu ziren «Fermori» animoak eta maitasuna helarazteko.