GARA
BAIONA

PSko Mathieu Berge da Euskararen Erakunde Publikoko lehendakari berria

Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) presidente berria du martxoaren 4tik. Biltzar nagusian aho batez Mathieu Berge sozialista hautatu zuten, Akitania-Limousin-Poiteau-Charentes eskualdearen izenean. Bere agintaldiak urte eskas iraunen du, gero udalen ordezkaritzak hartuko baitu presidentetza.

Bergek bere agintaldirako hainbat lehentasun ezarri ditu: hezkuntza sare publikoan murgiltze sistema eskaintzea, hedabideen atala garatzea eta herriko etxeek eskolaz kanpoko euskarazko jardueren inguruko araudi bat sortzea ekimenak sustatzeko. Bozkatua balitz, 2017an egituratuko litzatekeen Ipar Euskal Herria elkargoan EEPk izanen lukeen paperari buruz hausnartzea.

Txandakatuz egokitzen den EEPren buruzagitza erregioaren esku dago 2017ko lehen sei hilekora arte. 2011n Frantxoa Maitiak hartu zuen presidentetza eskualdearen izenean, baina abenduko hauteskundeetan, kontseilari postua galdu zuenez, EEPa utzi behar izan zuen.

Mathieu Berge Baionako Herriko Etxean hautetsi sozialista da eta Akitania-Limousin-Poitou-Charentes eskualdeko kontseilaria. Erakundean Akitania-Euskadiko eta mugaz gaindiko ardurak ditu.

Eskualdeko beste ordezkariak

Frederique Espagnac eta Sylvie Durruty dira eskualdeak erakundearen baitan izanen dituen ordezkari berriak. Horien ordezkoak Charline Claveau-Abbadie, Paueko kontseilaria, eta Alice Leiciagueçahar, Berdeen alderdikoa, izanen dira.