GARA
bilbo

Krimena eta delitua izango ditu aztergai Gutun Zuriak

Apirilaren 19tik 24ra egingo da Gutun Zuria letren nazioarteko jaialdia Bilboko Alondegian. «Krimena eta delitua» izango ditu gai nagusi eta Sergio Gonzalez, Dacia Maraini, Ernesto Mallo, Ricardo Menendez Salmon eta Rodrigo Rey Rosa nazioarteko idazleak izango dira gonbidatu. Jon Alonsok, Garbiñe Ubedak eta Jon Arretxek euskarazko literaturara ekarriko dute gaia. Mahai-inguruak, zinema zikloa eta ekitaldi osagarriak aurreikusten dira egitarauan.

Bilboko Alondegiak Gutun Zuria letren nazioarteko jaialdiaren bederatzigarren edizioa ospatuko du apirilaren 19tik 24ra. Literaturari eskainitako egun horietan Bizkaiko hiriburura gonbidatutako hainbat idazlek beren narrazioetan krimena eta delitua –aurtengo gai nagusiak– nola aztertzen dituzten azalduko dute eta literatura aldetik erronka horri nola ekiten zaion argituko.

Ildo horretan, Gutun Zuriak nazioarteko idazle ezagunak gonbidatuko ditu eta sortzaile garaikideen topagune izango da. Apirilaren 19an, Kukai dantza taldeak eskainiko duen ikuskizunaren ondoren Sergio Gonzalezek (Mexiko hiria, 1950) zabalduko du jaialdia. Mexikon gertatzen diren hilketen inguruan arituko da. Eta hurrengo egunetan Bilbon izango dira Dacia Maraini (Florentzia, 1936) –literaturak salatzeko duen gaitasunaz–, Ernesto Mallo (La Plata, Argentina, 1948) –Argentinako diktadurako krimenez–, Rodrigo Rey Rosa (Guatemala, 1958) –Guatemalako etnia maien aurkako genozidioaz– eta Ricardo Menendez Salmon –gaiztakeriaren ikerketaz–. Bestalde, Jon Alonsok, Garbiñe Ubedak eta Jon Arretxek krimena eta delitua euskarazko literaturan nola agertzen diren aztertuko dute.

«Gonbidatu guztiek argi daukate literatura salaketarako tresna bat dela eta ez dela ariketa estetiko soil bat. Gizarteetan egiten diren era guztietako delituez hitz egingo dute eta, beraz, idazleekin egingo diren hitzorduak salaketa kolektibo bat bihurtuko dira», adierazi zuen atzo Marisa Blanco jaialdiko arduradunak.

Hain zuzen, krimena eta delitua gai nagusitzat hartuta, Gutun Zuria jaialdiak azken urteetan jazotako gerretan lekuko izan diren pertsonen testigantzak jaso nahi ditu, beraien borondatez edo lanbideagatik ikusi eta sentitutakoa lekukotza bidez kontatu dutenen aitortza. Massook Khaliliren kasua da, afganiarrek sobietarren eta talibanen aurka egindako gerretan protagonista izandakoa. Afganistango enbaxadorea da Estatu espainolean eta bere emaztearekin osatutako egunerokoa “Los susurros de la guerra” lana osatzeko baliatu du.

Literaturak bezalaxe, zinemak ere delituak jendartean hartzen dituen forma guztiak erakutsiko ditu. Gutun Zuriaren bederatzigarren edizioa horren erakusle izango da zinema ziklo, ikuskizun eta errezitaldien bitartez. Izan ere, Alondegiko Zinematekak ziklo berezia eskainiko du jaialdiaren barruan, krimena, mafia eta espioitza aztertzen dituzten filmekin.

Krimena eta delitua “Stockholmeko sindromea” proposamenaren barruan ere jorratuko dira gai bezala. Azken edizioan estreinaldia izan ondoren, aurten ere “Stockholmeko sindromea” izango da Gutun Zurian. Eszena eta idazkuntza arloko artistek mahai-zapia eta mahaia partekatuko dituzte, musika eta talk show-a zuzenean bateratzen dituen ikuskizunean.

Egitarauan beste hitzordu berezi bat dago. Ruper Ordorikak “Izkiriaturik aurkitu ditudanak” musika errezitaldia eskainiko du, kantatutako poemak eta gure gogoan jada abesti bihurtutako olerkiak interpretatuz.

Loraldia jaialdiarekin elkarlanean, “Poeta gorri horiek” errezitaldia ere eskainiko da. Bertan, Mikel Markez, Arkaitz Miner eta Karlos Panerak Aresti, Otero, Zelaia eta Figueroaren poemak eskainiko dituzte.

Wendy Guerra idazlea Habanatik Bilbora itzuliko da espresuki bere lan berriak publikoarekin partekatzeko.

Jaialdira hurbiltzen diren guztiek “Milorria” instalazioa aurkituko dute Alondegiko Kulturen Atarian. La casa del vacio-k diseinatutako instalazio horrek ibilbide alternatibo bat egitea proposatzen du, 12.000 liburutatik ateratako milaka eta milaka orrialderen artean. Instalazioa liburu batean sartzen da, “milorri” artean, pertsonaiak, emozioak eta argumentua, letrak eta marrazkiak, koloreak, aurretik atzerantz edo atzetik aurrerantz ikusi eta irakurri ahal izateko.