Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Euskal langile herriaren borroka handi eta txikien epopeia

Hamahiru urte eman ditu Joxe Iriarte «Bikila»-k «Kamaradak» idazten. Bizipen pertsonaletatik eta langileriaren historiako une gogoangarriak bizi izan zituztenek kontatutako istorioetatik edanda, iraultza berean bildu eta denborak borroka, posizionamendu eta pentsamolde ezberdinetara eraman dituen sei lagunen bizipenak ditu ardatz. Istorio fikzionatua da, baina asko du errealitatetik.

Bere bizitzaren zati bat, «lehen lerroan bizi izan nuen esperientzia baten autografia», dakar Joxe Iriarte Bikilak Txalapartarekin argitaratu duen “Kamaradak” eleberrian. Bertan, euskal langile herriaren borroka handi eta txikiak bildu dituela azaldu zuen Bikilak eta ekin ere, langile mugimenduaren historian mugarri diren bi une gogoangarrirekin ekiten dio eleberriari: 1980an Nervaceroko langileek Bizkaiko diputazioan Gasteizko Legebiltzarreko parlamentariak atxiki zituzten unea batetik, eta lau urte beranduago Euskalduna ontziolan poliziak Pablo Gonzalez langilea erail zuenekoa, bestetik.

Garai eta giro hartako errealitatetik abiatuta, bere bizipen pertsonalak eta zenbait une gogoangarri bizi izan zituztenen ahotik jasotako kontu eta anekdotak eraman ditu Bikilak “Kamaradak”-eko orrialdeetara, eta, hain zuzen ere, horien lekuko izan ziren sei pertsonari eskaini die eleberria: Gonzalezi berari, Eduardo Haro Ibarsi, Carlo Guilianiri, Periko Solabarriari, Inaxito Albisuri eta Mikel Aramendiri. «Liburua idazten hasi nintzenean, orain hamahiru urte, hilik zeuden omendu nahi nituenetatik hiru; egun Aramendi da bizirik jarraitzen duen bakarra. Lagun hauen tragediak badu bere lekua eleberrian», azaldu zuen.

Langile borrokaren une ezberdinetan oinarritu bada ere, bestelako bizipen pertsonalak –soldaduska, espetxeko poemak...– eta asmatutako pasarteak txertatu eta fikziozko eleberria osatu du: borroka berean bat egiten duten sei lagun dira eleberriko protagonistak, denborak bide ezberdi netatik gidatu eta borroka, posi zionamendu eta pentsamolde ezberdinetara eraman dituenak. Harreman sare honek adiskidetasuna bezalako gaiez aritzeko abagunea eman dio Bikilari: «Eleberria garai zailetan mantentzen den adiskidetasunari egindako kantu bat ere bada. Arantxa protagonistak garai bateko kamaraderia botatzen du faltan... Aitortu behar dut nik ere askotan botatzen dudala faltan diktadura eta trantsizioko lehen urteetako kamaraderia hori». Zentzu horretan, «orain 30 urte militantzia prozesu batean sortutako lagunak banantzen joan dira, bide ezberdinak hartu dituzte eta zenbaitzuk etsai ere bilakatu dira. Ni ahalegindu izan naiz politikoki ados ez egon arren laguntasun hori mantentzen. Eta sei lagun hauek ere horrela diraute», nabarmendu zuen.

Euskal langile mugimendua ardatz hartu badu ere, eleberrian zehar beste hainbat borrokari ere egiten dio erreferentzia eta, hain zuzen, kontakizuna Carlo Guilianiren heriotzak ixten du: 2002an Genovan globalizazioaren aurkako manifestaldi batean carabinieriekin izandako istiluetan hil zen gaztea.

Boladaz kanpokoa

Literaturak langile mugimenduari eskainitako arretaz ere mintzatu zen Bikila. «Klase borrokan oinarrituriko ezkerreko militantzia mundu aberatsa eta oparoa da, kontraesanez betea, ez oso ezaguna, askotan erridikulizatua, eta literaturarako asko eman dezakeena», esan zuen errenteriarrak eta, Gorkiren “Ama” eta Zolaren “Germinal”-i erreferentzia egin ostean, XIX. eta XX. mendean izan ziren langile mugimenduekiko interesa literaturak galdu egin duela azaldu zuen: «Orduan ez bezala, egun tematika hori ez dago modan, eta ez da izango interesik ez duelako! Demodé edo boladaz kanpokotzat jotzen da eta horrek sutan jartzen nau». Hala, pertsonalki gaiari heltzeko beharra sumatu zuela azaldu zuen; «nik ez banion ekiten inork gutxik ekingo baitzion». Bere burua idazletzat ez duela gehitu eta «nahiago nuke nik baino talentu gehiago duen norbaitek segida hartuko balio», bota zuen amua.