Gipuzkoa Basketek ez du huts egiteko tarterik

Retabet.es Gipuzkoa Basket taldeko entrenatzaile Porfirio Fisac-ek ez du partidak «finaltzat» hartzerik nahi. «Final bat jokatzean, emaitzak ez duela atzera bueltarik esan nahi du», esan ohi du. Alabaina, gaur 18.00etan Iberostar Teneriferen aurkako neurketa final baten tankerakoa da donostiarrentzat.
Estudiantesekin berdindurik, Gipuzkoa Basket ACB Ligako azken postuan dago, lau garaipen eskas bildu on doren. «Hurrengo asteotan bost partida jokatuko ditugu Illunben, eta bi bakarrik etxetik kanpo. Denboraldiko mementorik garrantzitsu eta ederrenean sartzera goaz», esan zuen Fisacek kazetarien aurrean. Erronka horri aurre egiteko jokalariengan «itsu-itsuan» sinesten duela ere gaineratu zuen.
Zoritxarrez, donostiarren taldeko jokalari guztiak ez daude sasoi onenean. Bizkarreko arazoen erruz, Jordi Grimau zalantzan dago azken ordura arte. Andrew Lawrence, berriz, ez dago jokatzeko, izterraren atzealdean nozitu zaintiratu bat dela medio. Mo Soluade antolatzaile gazteak ordeztuko du Lawrence Illunbeko partidan.
Iberostar Tenerife talde irregularra da. Zortzigarren postua hurbil du, baina aurreneko itzulian, adibidez, Gipuzkoa Basketen aurka galdu egin zuen eta, ostera, Gasteizen eta Bilbon, irabazi.
Bilbao Basket Ruoff gabe
Estudiantes izango da Dominion Bilbao Basketen aurkaria. Bizkarreko mina dela eta, Ruoff gabe jokatuko dute beltzezko gizonek. Borg suediar gaztea, aldiz, 19.30etik aurrera jokatzeko prest izango omen da. Laboral Kutxa Baskoniaren aurkako jipoia ahaztu nahi dute Sito Alonsorenek. Argi ibili beharko dute, ordea, Estudiantesek Miribillan irabazi baitzien.
Gasteiztarrek CB Sevillaren etxean jokatuko dute, 12.30ean. Bilbao Basketi eta Khimkiri egurra eman ostean, ACB Ligako defentsa ahulena duen Sevillaren aurka ere aste perfektua osatu nahiko lukete Perasovicenek.
Gurpildun aulkiko saskibaloiari begira, Bergamon bikain moldatu zen Bidaideak BSR. Bilbotarrek ostiralean Bergamo eta Zmaj bosniarra gainditu zituzten; atzo, Herbehereetako Only Friends eta Austriako Flint Stones. Apirilean Euroleague 3ko Bosniako fasean izango dira.

«La maternidad nos da la oportunidad de aprender a mirar a nuestra niña interna»

Sabin Etxea fía ahora a un juez la resolución de su crisis en Getxo

«Que solo se permita comprar casas para vivir es legal, está sobre la mesa»

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»
