Pentsioen murrizketek bereziki emakumeei egiten diete kalte
EHUko Elisabet Errandonea irakasleak egindako tesiaren arabera, pentsioetan egin diren murrizketek horietako batzuk gutxieneko zenbatekotik beherakoak izatea ekarri du. Egoerak emakumeei egiten die kalte bereziki, lan-merkatuak ere baztertzen dituelako.

Estatu espainoleko pentsio-sistema publikoari egin zaizkion aldaketen ondorioz, ezin da pentsiodunen eros ahalmena bermatu eta aurreikuspenak aintzat hartuz gero, eros ahalmena galtzen jarraituko dute «urte dezentez». Hori ondorioztatu du Elisabet Errandonea EHUko irakasleak pentsio sistemari buruz egin duen tesian.
Pentsio-sistema publikoak eta pribatuak aztertu ditu donostiarrak eta, frogatu duenez, «ontzi komunikatuak bezalakoak dira» bi ereduak; «baten sendotasunak bestearen ahulezia adierazten du, eta alderantziz. Zenbat eta sendoagoa pentsio-sistema publikoa, orduan eta txikiagoa sistema pribatuen bidez osatzeko premia, eta alderantziz».
Azken urteotan, pentsio publikoetarako gastua ez igotzea izan da irizpide nagusia, eta murrizketarako joeraren ondorioak hasiak dira nabaritzen pentsio berrietan», azpimarratu du egileak. Pentsioen gehienezko muga, adibidez, aldatu egin dute, haren zenbatekoa are gehiago jaisteko eta erretiro-adinaren aurreratzea zigortzeko. Beste horrenbeste gertatzen da gutxieneko pentsioen osagarriekin, zeintzuen eginkizuna pentsio txikienen gutxieneko zenbatekoa bermatzea baita.
Murrizketa bide hori dela eta, «pentsioen gutxieneko zenbatekoak ez dira jada izenak adierazten duen hori; izan ere, termino absolutuetan adierazita, legeak ezarritako gutxieneko zenbatekotik beherako pentsioak ordaintzen dira jada».
Pentsio pribatuen gainean ere egin du hausnarketa. «Pentsio pribatuetara jo ote beharko genuke?» galderaren aurrean, berak aholkatzen duenez, «ahalik eta urte gehien kotizatzen saiatu behar dugu». Sistema publikoa sendotu eta harekiko konfiantza sortzea gomendatzen du. Mesfidantza ez da sistema publikoaren bidelagun ona, baina, hala ere, ez du sistema pribatuan itxaropen handiegirik azaltzen. Tesiak gogorarazten duenez, «pentsio pribatuek ez dute etorkizuna bermatzen: oso errentagarritasun txikiak dituzte; batzuetan negatiboak». Horri zera erantsi behar zaio: oso txikiak izan ohi direla plan pribatuetara egiten diren ekarpenak.
Emakumeak eta pentsioak
Hausnarketarako beste argazki bat ere utzi du tesiak: emakumezkoak dira pentsio baxuak jasotzen dituztenetako «asko eta asko». Arrazoiak ugariak dira baina, oinarrian, gaur egun emakumeek etxeko ardurak eta pertsonen zaintza beren gain hartzea dago, horrek beren lan ibilbidean eragina baitu. Gainera, lan-merkatuan bazterketa dago eta gaizki ordaindutako sektoreetan emakume asko dago. Azkenik, Errandoneak dioenez «Gizarte Segurantzaren araudiak ere ez die berdin eragiten emakumeei eta gizonei. Zenbait arauk bultzatu egiten dute emakumeek ezkutuko ekonomian jardutea».
Europako batez bestekoaren azpitik daude Estatu espainoleko pentsioak eta EAEn murrizketak igartzen hasiko dira, neurri zenbait direla-eta: erretiro-pentsioa kalkulatzeko epearen handitzea eta pentsioaren %100era iristeko kotizatu beharreko urte kopuruaren igoera.

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«Quiero que no siga explotando a la gente inmigrante»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas
