Ariane KAMIO
ORIO

Gozategi, aurrera begira egindako gogoeta bat

Asier Gozategik eta Iñigo Goikoetxeak «Iñigo eta biyok Gozategiz» emanaldi berria estreinatuko dute bihar Orioko Kultur Etxean. Musika taldearen ibilbidean baino, bizipen pertsonaletan eta anekdota kolektiboetan oinarrituriko ikuskizun intimoa da eta atzera begiratzen badu ere, etorkizunari heltzeko bokazioz jaio den proiektua da.

Gaueko 22.30ean dute bihar lehen hitzordua ikusleekin Asier Gozategik eta Iñigo Goikoetxeak Orioko Kultur Etxean. Kontakizun intimoa eta zuzeneko musika batzen dituen emanaldia da azken hilabeteetan Gozategiko trikitilari eta baxu jotzaileak ondu dutena. Baina ez da taldeari eskainitako atzera begirako bat. Aitzitik, azken 25 urteetan plazetan bizi eta plazetatik jasotakoaz jaio den emanaldia da. «Emanaldi hau sortu zen konturatu garelako azken lau-bost urte hauetan plazan berpizte bat gertatu dela eta oso giro ederrak sortu direla gure kontzertuen inguruan. Batez ere, ikusten dituzulako elkarrekin kalejira batean haur txikiak, gazteak eta pertsona helduak. Eta nolabait ere giro horrek herrian bertan daukan garrantziari edo ideia horri bueltak emanez hasi ginen kontakizuna prestatzen», azaldu du Goikoetxeak.

Esan daiteke plaza bera izango dela kontakizunaren abiapuntu. Izan ere, plazan bertan bizitako hamaika bizipenen lekuko izan baita taldea azken urteetan eta alor pertsonaletik ere badu. «Kontatzen dugu denetik, bai arlo pertsonalean, baita taldekoan ere. Hainbeste urtetan pasatutakoak, nola hasi ginen, hainbat momentutan nora iristeko aukera izan dugun... Bi muturrak jarri nahi izan ditugu zuzeneko honetan. Eta gauza intimoagoak ere kontatzen ditugu, baita bion arteko harremana ere». Eta jarraitu du: «Guk musika oso modu intuitiboan egin izan dugu beti eta uste dut orain intuizio horri hitz batzuk ere jarri nahi izan dizkiogula. Aurrera begira egindako gogoeta bat da». «Inportantea iruditzen zaigu jakitea aurrera begira zein den gure helburua; ez genuke nahi jendeak pentsatzea gure historiari buruz hitz egiten dugula bakarrik emanaldi honetan, nora goazen ere argitu nahi dugu», gaineratu du.

Etorkizunaz, hitz bi: urte amaierarako disko berria eta taldearekin plazetan jarraitzeko bokazioa. «Azken finean gu hortik gatoz, plazatik gatoz eta plazan jarraitu nahi dugu. Egiten dugun lanik inportanteena hori da eta nahiko genuke denborak aurrera egin ahala zuzeneko hori indartsuagoa egitea eta hor segitzea».

Musikari dagokionez, gidoira hobekien egokitzen diren kantuak hautatu dituzte eta, hartara, garai desberdinetako kantuak txertatu dituzte. Tartean dira Korrika 10eko kanta, “Egun on”, “Pakia beyau” eta “Nor nori nork” abesti ezagunak. Hurrengo hitzordua apirilaren 9an izango da Oñatin, eta beste hainbat herritan emanaldiak ixten ari dira dagoeneko.