Andoni TOLOSA «MORAU»
Musikaria

Katarain

Bazen garaia, miraria gertatu da, ezinezkoa zirudiena, norbaitek lortu du eta... hau poza! Sekulako gozatua hartu dut Angel Katarainen elkarrizketa “Badok”en irakurtzean. Begira, hain tipo serio eta hitz gutxikoa zirudiena, ahoa ireki eta... hori da pulamentuzko gauzak esateko trebezia. Bat bestearen atzetik, musikaren gainean eta oholtzaren alde guztietatik, goitik, behetik, alboetatik. Isilik egoten dakienak soilik erakuts dezakeen jakinduriaz, eta bere lan esparrua sorkuntzara mugatu, edo hobeto esan, zabaltzen duenaren ikuspegiarekin. Eskarmentua deritzote batzuek, eta eskarmentua tonaka pilatu du gizon honek.

Harrapatu dute, azkenean, egin diote elkarrizketa, eta behin jarrita hobe mamitsua izatea. Teknofilo bat espero dutenek ezustekoa hartuko dute, eta kamustuko dira musikaren azken mohikano erromantikoa topatu nahi dutenek, edo esperientziaren aitzakiatan denari bizkar gainetik begiratzen dion popea entzun nahi dutenek. Ez da hala, harrigarria dirudien arren, hobe litzateke musikari hasiberri gehienek halako dirdiraz hitz egingo balute musikaz, kantuez, edota... kableez. Hain sinple eta argi. Imajinatu dezakezu zein zaila izan behar duen horrek musikan (bereziki euskal musikan) 40 urte baino gehiago eman ondoren? Dominarik ez diogu emango, zertarako? Ez diogu ezer eskatuko trukean. Ez dugu aldare batean jarriko. Ez diogu plaza bat eskainiko. Gozatu ederra eman digu eta hobe lanean bakean uztea.