Arantxa MANTEROLA
BAiona

Zigorrak bateratuta, bost urteko kondena ezarri diote Tomas Elgorriagari

Pariseko Auzitegi Korrekzionalak bost urteko espetxe zigorra –horietatik hiru betetzeko obligaziorik gabe– ezarri zizkion asteartean Tomas Elgorriaga presoari.

51 urteko hondarribiarra 2014ko urriaren 31n atxilotu zuten, Friburgon, bera atxilotzeko emana zegoen agindua tarteko. Estatu frantsesean lau aldiz errebeldian kondenatua izaki, estraditatzea eskatu eta Justizia alemaniarrak Parisekoaren esku utzi zuen 2015eko azaroaren 16an.

Otsailaren 22 eta 23an izandako epaiketan, Fiskaltzak onartu egin zuen Elgorriagaren defentsak egindako eskaria, hau da, sumario guztiak prozedura bakar batean bateratzea. Halere, bost urteko espetxe zigorra eta lurralde frantsesean egoteko bizi osorako debekua ezar ziezaioten eskatu zuen.

Epaileek ETAko kide izateagatik eta dokumentuak faltsutzeagatik lehendik zituen 6, 5, 4 eta 3 urteko lau kondenak bateratzea eta guztiak bost urtetan borobiltzea deliberatu dute eta ez diote lurraldearen debekurik ezarri.

Hilabete batzuk

Bost urte horietatik hiru baldintzapeko askatasunekoak direnez, eta dagoeneko espetxean egin duen denbora kontuan hartuta, Elgorriagak hilabete batzuk barru aske geratu beharko luke, betiere, Fiskaltzak helegiterik ez badu jartzen. Horretarako martxoaren 26ra arteko epea du.

Egun, Fleury-Merogiseko espetxean dago. Lehendik ere zazpi hilabete eginak zituen Estatu espainolean, 1998an Guardia Zibilak atxilotu ostean.