Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Errefuxiatuak

Dadaab izena du munduko errefuxiatu zelairik handienak. Kenyan dago, eta 1992tik bertan bizi dira Somalia, Etiopia eta Sudango gerretatik ihes egindako milaka lagun. Haietako askoren ametsa da Nazio Batuen laguntzarekin Mendebaldeko herrialderen batera joatea –dela Europan dela AEBetan dela Australian– hori dute bizimodu duin bat edukitzeko aukera bakarra, etxera bueltatzea ezinezkoa baitzaie.

Etxean, inoiz etxe izan zuten horretan, deus ez da geratzen; indarkeria eta gosea besterik ez. Hala ere, urte hauetan guztietan gutxi batzuen ametsa bakarrik bete da. Gehiengoak Dadaaben jarraitzen du, jatorrizko zelaian edo azken hamarkadan errefuxiatu kopuruaren igoeraren ondorioz zabaldu duten bigarrenean.

Ben Rawlencen “City of Thorns” liburuaren arabera, bada belaunaldi oso bat Dadaab ez beste errealitaterik ezagutzen ez duena. Zelaian boluntario dabiltzan erakundeetako kideak beren “esperimentu” moduan zuzentzen zaizkie belaunaldi horretako gizon-emakume gazteei. Mendebaldeko heziketa jaso dute eta horrek herrikideengandik bereizi egiten ditu: giza eskubideen eta genero berdintasunaren hizkuntzan mintzo dira. Azal iluneko afrikarrak ez balira eta beste inon baleude, herritar perfektuak lirateke.

Baina hara, azal iluneko afrikarrak dira non eta Dadaaben, giza eskubideen ukapena bera den errefuxiatu zelaian. Gutxitan agertuko da Dadaab albisteetan, famaturen bat bisitan joaten denean soilik. Berez, zelaiak ez du berririk eskaintzeko: errefuxiatuen egoera beti da bera.