«Kili-Kili» aldizkaria erakusketa gai
«Kili-Kili» aldizkariaren sorreraren 50. urteurrenean, Bilboko Euskal Museoak haurren artean euskarazko alfabetatzea bultzatu zuen egitasmoaren inguruko erakusketa antolatu du.

Bilboko Udalak, Labayru Fundazioak eta Euskal Museoak “Kili-Kili. Euskera pozgarri” erakusketa antolatu dute, umeen artean euskara bultzatzeko asmoz euskaraz idatzitako aldizkari haren bilakaera ardatz hartuta. Euskal Museoko erakusketak 1966an San Anton parrokiako doktrina irakasteko geletan sortu zen aldizkariaren eta bere inguruaren ibilbidea erakusten ditu. Halaber, Jose Antonio Retolaza, aldizkariaren sortzaile nagusia, eta Lander Gallastegi arkitektoa, “Kili-Kili” fenomenoaren zutabe izan ziren bi pertsonek aipamen berezia dute. Hain zuzen, Kili-Kili San Antongo zubiaren alboan jaiotako 6 urteko mutikoa da erakusketako anfitrioi nagusia. Neska-mutikoen lagun izan nahi zuen protagonista, bere txapel eta kaikuarekin, arkatza eskuan, irakurtzen, idazten eta lanean dagoela ageri da.
Erakusketa gaika sailkatuta dago, aldizkaria indarra hartuz joan baitzen, eta bere bilakaeran, esparrua harago zabalduz joan zen. “Kili-Kili”-ren jarduerak ugariak eta helburu jakinekoak ziren: euskaraz irakastea eta ume euskaldunak euren hizkuntzan alfabetatzea, jolasen, lehiaketen eta sarien bidez. Askariak eta ibilaldiak, jarduera horien barruan, aitzakia ona ziren elkartzeko, jolasteko eta ondo pasatzeko. Lehiaketak etengabeko jarduera ziren “Kili-Kili”-n, aukera ona baitzen haurrak etxean euskaraz irakurri eta idaztera bultzatzeko.
Aldizkariaren harpidedunek (18.000 izatera iritsi ziren) euskarazko alfabetatzea bultzatzeko jasotzen zuten “Lan ta Lan” izeneko koadernoaren hamabi ale argitaratu ziren. Argitalpen horrek jarraipena izan zuen gerora agertu ziren “Ekin ta Ekin” orriekin. Kili-Kili Eguna, lehen aldiz, 1977an antolatu zen Bilbon. Izandako arrakastaren ondorioz, beste herri batzuetan ere hasi ziren ospatzen. Aldizkariak 233 zenbaki plazaratu zituen. Beste hizkuntza batzuetako komikietan oso ezagunak ziren pertsonaiak euskarara ekarri zituen eta euskal kulturako pertsonaia ezagunen elkarrizketak ere kaleratu zituen. 80ko hamarkadan, halaber, Kili-irratia sortu zen eta Euskal Herriko hainbat irratik eskaintzen zuten “Txiki-Txoko-Txukun”, aldizkariaren jardueren berri emanez eta gazteenen zuzeneko partaidetza bultzatuz.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak
