Asier AIESTARAN
PILOTA

Bilboko finalerako sarrerak bihar ipiniko dituzte salgai

Garestienek, kantxako eserlekuek, 140 euro balioko dute, eta merkeenek, goiko errebotean, 45 euro.

Nahiz eta oraindik bigarren bikote protagonista zein izango den ez dakigun –hori datorren igandean erabakiko da–, apirilaren 9an Bilbon jokatuko den Binakako Txapelketaren finalerako sarrerak bihar bertan ipiniko dituzte salgai Internet bidez. Enpresek jakinarazi zutenez, sarreren prezioa 45 eta 140 euro bitartekoa izango da, eta bi webguneren bitartez jarriko dira salgai: www.ticketea.com eta www.ticketmaster.es.

Kantxako eserlekuaren prezioa 140 eurokoa izango da, orain bost urte Bizkaian jokatu zen lehen finaleko kopurura itzuliz –azken urteetakoaren aldean, igoera izan da–. Beste kokalekuetako prezioak hauexek dira: 80 euro bigarren solairuko erdigunean; 70 hirugarren solairuko erdigunean; 65 erreboteko kantxako eserlekuetan; 55 bigarren solairuko errebotean; eta 45 hirugarren pisuko errebotean. Salmenta bihar hasiko da, 10.00etan, zehazki.

Kontuan izan behar da aurtengo berrikuntza nabarmenena finala apirilaren 9an, larunbatean, jokatzea izango dela. Enpresetako ordezkariek onartu dutenez, erabakia Athleticek igande horretan San Mamesen 20.30ean Rayo Vallecanoren aurka jokatzen duen neurketak ekarri du. Ikusi egin beharko da zer moduz erantzuten dion jendeak egun aldaketari.

Gasteizen ere, dena prest

Hala ere, oraindik ia hiru aste falta dira final handirako, eta aurrez beste hitzordu garrantzitsu bat izango du txapelketak: igande honetan Gasteizko Ogeta pilotalekuan Bengoetxea VI.a-Untoria eta Martinez de Irujo-Rezusta bikoteek jokatuko duten finalerdietako ligaxkako azken neurketa. Finalaurreko zuzena izango da, garaipena lortzen duenak finalerako txartela poltsikoratuko baitu.

Partida horretarako ere dena prest dago. Arabako Federazioak –esku pilota profesionala Gasteiza eramateko lan egiten duen erakunde nagusiak– atzo gogora ekarri zuenez, jaialdia 17.00etan hasiko da eta sarrerak salgai daude 20 eta 40 euro arteko salneurrian (Aspeko telefonora deituta edo ticketea webgunean). Aurreneko partidan Arretxe II.a-Imaz eta Ezkurdia-Martija neurtuko dira; hirugarrenean Olaetxea-Apraiz eta Mendizabal III.a-Cecilio.

Erakargarritasunik ez zaio faltako jaialdiari, baina horietako bat Juan Martinez de Irujo Gasteizen jokatzen ikustea izan daiteke, Iberoko aurrelariak zorte txarra izan baitu azken txapelketetan Ogetan jokatzea tokatu zaion kasu askotan. Ligaxkako bederatzigarren jardunaldian, esaterako, eskuan min hartu eta Xalak ordezkatu behar izan zuen. Aurrez, beste hiru aldiz ere utzi behar izan du bertan behera Gasteizko neurketa.

Material aukeraketa, beroa espero daitekeena, bihar egingo dute 11.30ean. Beste partidakoa, sailkapenean jokoan ezer eduki gabe, gaur 10.30ean Labriten.

Buruz Burukoaren lehen trazak

Aspek eta Asegarcek marraztuta dute jada hurrengo Buruz Buruko Txapelketaren egitura. Finala maiatzaren azkeneko asteburuan (maiatzak 29) edota, beranduenez, zazpi egun beranduago jokatzea nahi lukete, ekainaren aurrenekoan (ekainak 5). Printzipioz ez litzateke hamasei pilotariko egitura aldatuko, final-hamaseirenetan hasi eta kanporaketa zuzen bidez finaleraino iritsiz. Ohikoak izan diren datak aurreratzearen arrazoia enpresek ekainean egin nahi duten hamabost eguneko geldialdia dago, nahiz eta jaialdirik gabeko egun zehatzak oraindik ETBrekin hitzartu behar dituzten.

Eta azken asteetan izan diren kexak direla medio, Altsasuko partidaren ostean batik bat, enpresak epaileen baimenik gabe aldageletara egiten diren bisitak zigortzeko aukera aztertzen ari dira. Ez dute baztertzen kirol-mailako zigorrak ezartzea: tanto bat kentzea edo aurkariari ematea, adibidez.A.A.