Maider IANTZI
DONOSTIA

Ekoizle donostiarrak Parmako Elikagaien Erakusketan izanen dira

Donostia GuztiOna Klusterraren 2016ko jarduera planean sartzen dira, besteak beste, Parmako Elikagaien Nazioarteko Erakusketara bidaia eta hiriko landa-lurzorua detektatu eta ekintzaileei sarbidea erraztea.

Enpresa ehundura irmo bat bultzatu nahi dute balio-kate osoan, eta sektorea Donostiako kultura gastronomikoak mundu zabalean duen inpaktuari lotu. Hiriak jasotzen dituen bisiten %80ren arrazoi nagusia da gastronomia, eta arrakasta horren zati garrantzitsu bat produktuen kalitatea da. Hala agertu zuen Ernesto Gasco Sustapen Ekonomiko, Merkataritza, Ostalaritza eta Turismoko zinegotziak Guztiona Klusterraren aurtengo jardueren aurkezpenean.

Jakinarazi zuen Cibus 2016 Parma maiatzaren 9tik 12ra eginen den Elikagaien Nazioarteko Erakusketan izanen direla ekoizle donostiarrak. Zita garrantzitsua da berritasunak ezagutu eta merkataritza harremanak egiteko. Espedizioaren xedea ezagutza, proiektu eta esperientziak hartzea da, gero tokiko enpresa ehundurara ekartzeko.

Klusterraren bertze ekintza bat Urban Lur egitasmoa da. Honek hiriko landa-lurzorua detektatu eta ekintzaileei sarbidea erraztea du helburu. Jada identifikatu dituzte erabil daitezkeen lursail publikoak. Orain ekoizpen eta ezagutza bitartekoak komunean jartzeko lankidetza metodologia bat garatu nahi dute.

Planak barrenean hartzen ditu “Kilometro zeroko hotelak” ere. Proiektu pilotu honekin bertako ekoizleen produktuak Donostiako hoteletan kontsumitzeko ahalegina egiten dute. Oraingoz, bederatzi hotelek erakutsi dute interesa, eta zazpi ekoizle ari dira parte hartzen.

San Sebastian Food

Ekoizle horien artean daude Goenaga esnekiak. Hiru anai-arrebekin batera testigua hartu eta enpresa zuzenduko duen Arantxa Goenagak kontatu zuen bisita gidatuetan erakusten dutela jogurtak nola egiten dituzten. Aurkezpenean zen Jonathan Warren San Sebastian Food-en kudeatzailea ere. Sukaldaritza eskola, gourmet denda eta bidaia agentzia biltzen dituzte. Hemen ere 0 kilometroko produktuen dastaketa eskaintzen hasi dira.

Ekintza hauek guztiak sustatzen dituen GuztiOnak egoitza bat du Intxaurrondon, Villa Yeyette. Zerbitzu aunitzeko instalazioak ditu (sukaldea, jarduerak egiteko gelak, enpresek alokatzeko lokalak eta coworking guneak, besteak beste) eta irekita dago ekintzaileentzat.