Joxemari CARRERE
Ipuin kontalaria

Kontalaritza

Kontalaritza Eguna ospatu genuen Errenteriako Mikelazulo Elkartean. Bost kontalari elkartu ginen, bakoitza bere estiloarekin, guztiak euskal kontalaritza berriaren nolabaiteko erakusgarri txikia. Ikusleekin batera ipuinak entzuteko eta kontatzeko konplizitate polita ere izan zen. Saioa amaitutakoan, kontalarien artean ofizioaren gaineko gogoetak, eztabaidak eta bestelako istorioak ahotan. Aspaldiko gaia bueltan, alegia, nola demontre egin kontalaritza zabaltzeko eta kontalarien egoera hobetzeko. Alde batetik, kontalaritza sustatzeko, kontalariez gain, jardun honekin modu batean edo bestean interesatua dagoen jendea biltzeko bideak jorratu beharra nondik eta nola abiatu izan genuen hizpide. Horiek guztiek ere kontalaritzaren parte egiten dute eta euren ideiak eta iritziak bidea egiten laguntzen dute, kontalariekin batera. Edozein jardun artistiko sortzaile ez litzateke ezer, sortzaileez gain, horrekin interesatuak eta zaleak direnak modu aktiboan kontuan hartu gabe. Bestalde, kontalarien beraien egoera profesionala ezin alde batera utzi, batez ere fiskalitatearen aldetik. Kontaketa bere ofizioa izatea erabakitzen duen kontalariak zailtasun eta traba ugari aurkituko ditu jasango duen fiskalitateari aurre egiteko, horren gaineko eztabaida garrantzitsua delarik.

Bi bideak nola uztartu eta garatu izan genuen hizpide. Zein izango ote da irtenbidea? Antolaketa. Elkarrekin egiten den bidea aberatsagoa baita. Eta eragingarriagoa.