Arantxa MANTEROLA
BAIONA

UPPA unibertsitateko bozetan aurkeztu da Euskal Ikasleak taldea

Pirinio Atlantikoetako Departamenduko eta inguruko eskualdeetako unibertsitatean –ofizialki UPPA, Paue eta Aturriko Unibertsitatea– barne bozak dira gaur. Lehen aldiz, Martxoaren 22ko Mugimenduak (M22M), zerrendak aurkeztu ditu, Euskal Ikasle talde sortu berriko, Med’Oc talde okzitandarreko eta Solidaires sindikatuko kideez osatuak.

Baionako campusean ikasten duen Oihana Teyseyre-Coscaratek azaldu duenez, lehendik dator euskal eremuan «ikasle mugimendu bat sortzeko nahia». Boz hauetan hautetsiak lortuz, unibertsitateko esparruan hizkuntza eta kultura aniztasuna, «batez ere bertakoak» sustatzeko aukera izango dutela espero dute.

Ez hori bakarrik. Ipar Euskal Herrian dagoen ikasketa eskaintza eskasari aurre egin eta hurbileko unibertsitatea eraikitzen joatea dute xede. Horrekin batera, nazioarteko eta «mugaz gaindikoekin», batik bat Hego Euskal Herriko unibertsitateekin, harreman gehiago izatea eta kalitatezko zerbitzu publikoa, demokrazia parte-hartzailean, gertutasunean eta gardentasunean oinarritutakoa, bultzatzeko asmoa dute.

Zortzi zerrenda

M22Mk unibertsitateko egituretan (Administrazio Kontseilua, Formakuntza eta Unibertsitateko Jarduneko Kontseilua, Ikerketa Kontseilua, campusetan...) ordezkaritza ahalik eta handiena lortzeko 8 zerrenda aurkeztu ditu. UNEF, NDE eta Kirol eta Ingeniaritzako fakultateetako beste ikasleen zerrendak izango ditu parean. Boz bulegoak 09.00etatik 17.00etara izango dira zabalik.