GARA
DONOSTIA

Intxaustiko langileek «jauzi kualitatiboa» emango dute, enpresak urratsik egin ezean

Elgoibarko Tratamientos Intxausti SA enpresako langileek astebete daramate greban, hitzarmen duin bat aldarrikatuz. Egunero ari dira protestak egiten Arriaga industrialdean, hor baitago lantokia. Tailerreko langileek elkarretaratzea egin zuten atzo ere, eta iragarri zutenez, enpresak lan baldintzak hobetzeko bidean pausorik ematen ez badu, euren mobilizazioetan «jauzi kualitatiboa» emango dute.

Azaldu zutenez, iaz euren lan harremanak kudeatzeko hitzarmena osatu zuten. Horren arabera, besteak beste, soldata igoera, aldi baterako laneko enpresekin aritzeko debekua eta osasun zein segurtasun neurri batzuk zehaztu zituzten. Hitzarmen hori 2015eko abenduaren 31n amaitu zen, eta orain langileek salatzen dute enpresak ez zituela segurtasun eta lan osasunari dagozkion neurriak bete.

Soldaten igoera

LAB sindikatuko ekonomialariak egindako ikerketaren arabera, «enpresak 141.000 euroko mozkinak izan ditu azken hiru urteetan», baina langileek 2011tik 2015era bitartean soldatak izoztuta izan dituzte. Era berean, enplegua erregulatzeko espedienteak jasan behar izan dituzte, eta horren ondorioz, nabarmen murriztu da euren erosahalmena. Erregulazio espedienteak izan zituzten urteetan (2009an, 2010ean, 2011n, 2012an eta 2013an) enpresak ez zuen etekinik izan. Azken hiru urteotan bai, ordea.

Beraz, langileek soldata igoera eskatzen dute 2016rako, KPI gehi %4koa. Eta datorren urtera begira beste portzentaje handiago bat negoziatu nahiko lukete. Beraien ustez, halako igoera batek ez luke enpresaren iraungarritasuna arriskuan jarriko.

Sindikatuko ordezkariaren iritziz, langileek eskatzen dituzten hobekuntzak guztiz arrazoizkoak dira eta enpresak horiei aurre egiteko gaitasuna du: «Enpresaren erantzuna endroke jarrera bat izan da, baina ez du inolako zentzurik ez oinarri ekonomikorik». Gainera, prekaritateak «emakume aurpegia» duela nabarmendu zuen, plantillaren %78 emakumeak baitira.

Amaitzeko, grebarekin zerikusia duten arazoak aipatu zituzten elkarretaratzean. Adibidez, esan zuten bulegoetako hainbat langile tailerretako zereginak gauzatzen saiatzen ari direla eta horrek greba eskubidea urratzen duela. Beraz, Lan Ikuskaritzaren aurrean salaketa jartzeko aukera aztertzen ari dira.

Protesta hauekin espero dute enpresaren jarrera aldatzea eta datozen bi urteetarako lan hitzarmen berria adostea.