Alfontso DIEZ

Oreka TX, Japonian

Japonian da Oreka TX, eta “Hybrid” ikuskizun berria estreinatu zuen Tokioko New National Theatre antzokian ostiralean. Taldeak berak prentsa oharrean jakitera eman duenez, Motoko Hirayama koreografoak zuzendutako ikuskizuna da, dantzaren eta txalapartaren bidez sortutako erritmoen arteko elkarlana oinarri duena. Udazkenean ekarriko dute Euskal Herriko antzokietara.

Proiektu berri honi ainu etniako abeslari Emi Toko gehitu zaiola ere jakinarazi du. Taldekideez eta Tokoz gainera, New National Theatreko sei dantzari igo ziren agertokira.

«Hirayama koreografoa eskarmentu handiko dantzaria da, American Ballet Theatre, San Francisco Ballet eta Bolshoi Ballet taldeetan koreografo aritutakoa. Era berean, Pekineko 2008ko Olinpiar Jokoetan Japoniako igeriketa sinkronizatuko taldean lanean aritu zen. Gainera, Motokok dantza esperimentaleko proiektuetan ere parte hartu du, bestelako diziplinak uztartuz», azaldu du Oreka TXek.

Elkarlana 2015ko udan hasi zuten, Hirayamak eta bere taldeak Euskal Herrian eginiko egonaldiarekin. Hortik aurrera, teknologia berrien laguntzaz, trukean ibili dira.