Pablo BERASALUZE

Oroitzapen txarrenak itzuli zaizkit

Gaur Bizkaian gertatutakoak nire oroitzapenik txarrenak ekarri dizkit burura. Nik ere bizi izan nuen, orain dela ez asko, horrelako egoera bat, hementxe, Bizkaia pilotalekuan bertan, eta egia esanda, pilotari bati frontoian gerta dakiokeen gauzarik okerrenetakoa da. Momentu oso txarrak dira, minaz harago, txapel bat irabazteko aukerari muzin egin beharra oso gogorra da kirolari batentzat; horrelako pilotari handiekin oso erraza dirudien arren, atzetik lan asko dago.

Nire kasuarekin alderatuta, ordea, nirea askoz lesio larriagoa izan zen, Juanek atzamarra apurtuta izango du eta ni baino askoz lehenago itzuliko da, baina berriz diot, oso une latzak bizi behar izan ditu erabakia hartu bitartean. Hala ere, jokatzen ez jarraitzearekin asmatu duela esango nuke, izan ere, saiatu da berriz irteten, baina ez zegoen horrela jarraitzerik, ez zion pilotari eskuinez ematen, eta pena da, baina ez zegoen bestelako irtenbiderik.

Orain Juanek burua altxatu behar du, mediku partea ezagutu ez arren, ohiko lesio bat ematen du eta nik uste dut bizkor osatuko dela. Gaur egun halako lesioak azkar osatzen dira eta ziur nago laster izango dela kantxetan. Gainera, bihar bertan Manomanista aurkeztuko dute eta bertan ikustea espero dut. Pilotari hauek urte guztian ondo egon behar dute eta gaur ikusi da eurak ere ez direla makinak.

Horrela irabaztea ez da gustukoa izaten, norbaitek min hartu duenean irabazitako txapelek ez dute gustu bera uzten, baina gertatzen diren gauzak dira eta irabazle batzuk ere badaude, eta merezimendu osoz gainera. Aimarrek eta Mikelek sekulako txapelketa osatu dute. Urrutikoetxeak egin duen txapelketa, berea ez den postu batean jokatuta, ikaragarria da, eta alde horretatik oso pozik noa etxera. Badakit zenbat lan egin duen eta benetako txapeldun bat daukagu Bizkaian.