GARA
LILONGWE

Lehorteak eragindako «hondamendi nazionala» deklaratu dute Malawin

Azken hilabeteotan aditu askok iragarritako egoera erabat baieztatu zuen atzo Peter Mutharika Malawiko presidenteak, lehorteak eta elikagai krisiak eragindako «hondamendi nazionala» deklaratu baitzuen. Milioika gizaki kaltetuko dituen krisiaren hasiera ofiziala.

Afrikako makina bat herrialde kaltetu ditu “El Niño” izeneko fenomeno atmosferikoak. Malawiko agintariek atzo deklaratu zuten «hondamendi nazionala», baina kontinenteko hegoaldeko beste herrialdeak ez daude hobeto, esaterako, Zimbabwe (otsailean egin zuten tankerako deklarazioa), Mozambike, Zambia eta Hegoafrika. Azken herrialde horretako agintariek esan dute egungo lehortea azken ehun urteotan izan duten larriena izaten ari dela.

Peter Mutharika presidenteak esplikatu zuenez, iaz baino %12 arto gutxiago bilduko dute aurten, eta laguntza humanitarioa beharko duten herritarren kopuruak gora egingo du aurten eta egoera larriagotu egin daiteke 2017an.

Nazio Batuen Erakundeko MEP Munduko Elikadura Programak jakinarazi du une honetan Malawiko hiru milioi biztanleri ematen diela laguntza, herrialdeak dituen 28 probintzietako 23tan. Zimbabwen, berriz, 2,8 milioi pertsona daude egoera berean, laguntza humanitarioaren beharrean, hau da, nekazaritza eremuetan bizi direnen %25. Horietako 730.000 lagunek jasotzen dute laguntza.

Artoa izaten da malawiar gehienen elikagai nagusia, baina lehortearen eraginez salneurriak gora egin du eta ohikoa bihurtu da gai hori saltzen duten establezimenduen aurrean herritarrek egunak eta gauak pasatzea, esku hutsik eta etsita etxera itzuli aurretik.

Mwandida Mojolo Gojo herrixkako gizonak, esaterako, lau seme-alaba ditu eta egoera larriagotzen ari zaio: «Orain hilabete batzuk hobeto geunden mangoak baikenituen eta horiek jaten genituen umeak eskolara bidali aurretik. Baina bukatu egin ziren eta orain umeek ez dute eskolara joan nahi. ‘Nola ikasiko dut, tripa huts-hutsik edukita?’, galdetzen digute».

OME Osasunaren Mundu Erakundeko Michelle Gayer zuzendaritzako kideak iazko abenduan gogorarazi zuen goseteek gaixotasunak ere larriagotzen dituztela: «Malnutrizioak ahuldu egiten ditu gizakiak, umeak batez ere, eta infekzio arazo larriak jasateko arriskuak gora egiten du. Baldintza horietan kasu askotan heriotza izaten da emaitza». Herrialde horietako osasun sistemak ere oso egoera larrian uzten dituzte goseteek.

Gobernuz kanpo erakundeek orain aste batzuk esan zuten Afrikako 49 milioi pertsona kaltetuko dituela “El Niño”-k.