Asier AIESTARAN
PILOTA

Bengoetxea eta Altuna, dominaren lehiarako prest

Aurrelari amezketarra osatuta dago eta Tolosan izango da bihar, Oinatzi aurre egiten saiatzeko. Hirugarren posturako lehia gazi-gozoa jokatze hutsa albiste izaten zen urteak atzean geratu direla dirudi.

Oinatz Bengoetxeak eta Jokin Altunak atzo aukeratu zituzten Tolosako Beotibar pilotalekuan bihar Buruz Buruko Txapelketan hirugarren postua norentzat izango den erabakiko duen partidarako pilotak. Amezketako aurrelariak Urrutikoetxearen aurkako finalerdian ezker eskua apur bat minduta amaitu zuen arren, azkenean osatu dela dirudi eta “brontzezko domina” hori lortzen saiatuko da.

Izan ere, azken urteetan gertatutakoak ikusita, agian horixe da neurketa honetaz azpimarra daitekeena, pilotariek hasieran baino serioago hartzen dutela jokatzeko ardura. Buruz Burukoari begira jarrita, 2005ean antolatu zuten aurreneko aldiz hirugarren posturako partida hori, eta kasualitatea edo ez, ez zen jokatu ahal izan –Sebastien Gonzalezek Patxi Ruizen aurka jokatu behar zuen Iruñean, baina min hartuta zegoelako bertan behera gelditu zen norgehiagoka–.

Eta hortik aurrera, ohitura bilakatu zen jokatu ezin hori. 2006an bai, Gonzalezek berak irabazi zion 22-5 Ruben Belokiri, baina 2007an –Patxi Eugi min hartuta–, 2008an –Gonzalezek uko–, 2009an –Belokiren lesioa–, 2010 –ez zen antolatu– eta 2011n –Idoate min hartuta– bertan behera geratu zen kontsolazio final hori. Zazpi urtetan behin bakarrik jokatu zen.

2012az geroztik, ordea, gauzak asko aldatu dira eta iaz izan ezik, urtero jokatu da hirugarren posturako lehia: 2012an Bengoetxeak 22-9 menderatu zuen Idoate, 2013an ere Oinatzek 22-14 irabazi zuen Urrutikoetxearen kontra, eta 2014an Mikel Idoatek amaitu zuen hirugarren, Urrutikoetxearen aurka 22-17 irabazi ostean. Iaz, esan bezala, bertan behera gelditu zen Martinez de Irujo min hartuta zegoelako.

Aldaketa horretan zerikusia izan du Aspek eta Asegarcek hartutako erabakiak; izan ere, azken urte hauetan hirugarren postuak hurrengo urtean serieburu izateko aukera eman izan du, nahiz eta enpresek ez duten beti zintzo bete arau hori.