GARA
BERGARA

Sute batek Bergarako batzokia erabat kiskali du, baina ez da inor zauritu

Sute batek Bergarako batzokia goitik behera kiskali zuen ostegun gauean. Zauriturik egon ez zen arren, eraikina zaharra eta egurrezkoa izanik galera materialak handiak izan ziren, Lakuako Segurtasun Sailak jakinarazi zuenez.

Ertzaintza sutearen jatorria ikertzen ari zen atzo eta tabernako hozkailuetan sortu ote zen susmoa zuen. Antza denez, nahi gabe piztu zen.

Ez zen inor bizi

Iturri berberek jakinarazi zutenez, sua gauerdia pasata piztu zen, 00.15ean. Ez zuten inor atera behar izan, San Pedro kalean kokatutako eraikinean ez baita inor ere bizi. Urte asko dituen eraikina da. Egitura egurrezkoa du, baita barrualdea ere. Lau pisu ditu.

Garrak batzoki osora zabaldu ziren eta solairu guztietan kalte garrantzitsuak sortu zituen. Ertzaintza eta suhiltzaileak berehala hurbildu ziren eta 3.00etan lortu zuten sutea kontrolatzea. Halere, talde bat gelditu zen bertan etxearen egitura freskatzen eta atzo goizean oraindik ere ura botatzen jarraitzen zuten.